Elgoibar

Albisteak

Elgoibarren ere COVID-19aren ondorioei erantzuten hasteko, mahaia eratzea proposatu du EH Bilduk


| 2020-04-27 10:59:00

 

EH Bilduren ustez, premiazkoa da eragile politiko, ekonomiko eta sozialen mahaia edo foroa eratzea, Elgoibarren koronabirusak sortutako krisi larriari aurre egiten hasteko. Ezker soberanistak egiaztatu duenez, dagoeneko izugarriak dira COVID-19k udalerriko ekonomia- eta gizarte-ehunean utzi dituen ondorioak, eta horiei edukiekin eta herritarren interesak lehenetsita egin behar zaie aurre. Zentzu horretan, ulertezina eta sinestezina iruditzen zaio Elgoibarko Udalak neurririk hartu gabe eta ezer egin gabe jarraitu izana. 

 

Alarma Egoera ezarri zenetik eta koronabirusak eragindako lehen ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialak agertzen hasi ziretik 7 aste igaro direnean, Elgoibarko Udalak ia ez du jarduera-seinalerik eman, zerga-salbuespenak ezarri besterik ez baitu egin. Elgoibarko EH Bilduren ustez, egoera larri horrek askoz ere ekintza politiko eta enpatia handiagoa eskatzen du, udalerriko bizilagunak jasaten ari diren egoera dela eta. Euskal Herriko beste toki-erakunde batzuk erakusten ari diren ekintza politikoak eta enpatia ez da ikusten Elgoibarren. 

 

Elgoibarko EH Bilduk proposamenak egin ditu COVID-19ren ondorio latzei aurre egiteko. Proposamen horien adibide dira herriko denda txikien eta autonomoen egoerari aurre egiteko aurkeztutako neurriak. Baina baditu proposamen gehiago Elgoibarko alderdi eta eragile ekonomiko eta sozialekin eztabaidatu eta adostu nahi dituenak. Ezker soberanistak azpimarratu du garaia dela laguntzeko, elkarlana eta ideia onenak bilatzeko, asko baita jokoan dagoena. Hala, gogorarazi du Elgoibarko finantza-egoera ona dela, eta, beraz, ezinbestekotzat jo du baliabide horiek ahalik eta hobekien baliatzea, guztion parte-hartzearekin interes orokorrera itzuliko diren planak egiten, eta beti pertsonak politika publikoen erdigunean jarriz.