AKTUALITATEA


| 2020-04-14 14:51:00

 

 

 

Koronabirusaren krisiak eraginda egoera zailean daude merkatariak, ostalariak, autonomoak eta enpresak. Horietako asko lan egin ezinik, Espainiako Gobernuak ezarritako Alarma Egoerak behartuta. Elgoibarren ere egoera horretan daude asko eta asko: negozioak itxita eta diru sarrera gabe. Gaixotasunaren hedapena geratzea izan behar da orain lehentasuna, baina Elgoibarko EH Bilduk argi dauka aurrera begirako lanean ere hasi behar garela eta begirada luzeagoa jartzen hasi beharra dagoela. Era horretara, Elgoibarko merkatariei, ostalariei, autonomoei eta enpresei laguntzeko 800.000 euroko diru partida bideratzea proposatu du. 

 

Joan den ostiralean Jon Peli Uriguen EH Bilduko zinegotziak egindako Facebook Live-n eman zien proposamenaren berri elgoibartarrei. 800.000 euroko diru partida gordetzea proposatu zuen. Gainera, udalaren egoera ekonomikoa ona dela gogoratu zuen. “Udalak baditu baliabideak hori egiteko. Orain da behar dutenei laguntzeko unea”, azpimarratu duen Uriguenek. EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri zuen inguruko beste udal batzuk ari direla antzeko neurriak hartzen. Azpeitiko Udala jarri zuen adibide moduan; izan ere, koronabirusaren krisia abiatu zenetik milioi bat euro bideratu ditu herritarrei laguntzeko ekimenetara. Elgoibarko Udalak ezarritako laguntzak beste administrazio batzuk ezar ditzakeenekin osagarriak izan daitezkeela agertu zuen Uriguenek. Zentzu horretan, egon daitezkeen diru-laguntzak herritarrei jakinarazteko Debegesak jarrera aktiboa hartu beharra daukala uste du. 

 

Neurri hori eta bestelakoak elkarlanean hartu behar direla adierazi zuen Uriguenek. Konfinamendua abiatu zenean, krisi mahaia eratzea proposatu zuen EH Bilduk, tartean egon daitezkeen eragile guztiekin: udal gobernua, alderdiak, udaltzaingoa, babes zibila... Elgoibarko Udal Gobernuak ez zuen aintzakotzat hartu ezker subiranistak egindako proposamena. Orduz geroztik, ez da posible izan harreman eraginkorra izatea Udal Gobernuarekin, baina EH Bilduk baditu hainbat proposamen, eta beharrezkoa ikusten du proposamen horiek eta etor daitezkeenak aztertzeko eta adosteko foro bat eratzea. 

 

Bestelako neurriak ere mahai gainean jarri zituen mahai gainean Uriguenek. Hala nola, politika fikalean EH Bilduk proposatzen du: Udal zergak eta tasak ezabatzea krisi egoera bizi den bitartean udal zerbitzuak bere negoziorako erabiltzen dituztenei; alokairuak ez kobratzea beraien negoziorako udal jabegoko lokala erabiltzen dutenei, hala tokatzen den kasuetan; zabor eta bestelako tasarik ez kobratzea bere jarduera eten behar izan duenari; zergen kobrantzan atzerapenak onartzea bere jarduera eten beharra izan dutenei.