AKTUALITATEA


| 2019-07-10 20:45:00

 

Hurrengo uztailaren 15eko osoko bilkuran erabakiko da nortzuk izango diren Elgoibarko ordezkariak Mankomunitatean. Berez, Elgoibarko Udalak hiru ordezkari izendatu behar ditu Mankomunitaterako. EH Bilduk jakin ahal izan duenez, banaketa hau egitea adostu dute EAJ eta PSE udal taldeek: bi ordezkari EAJrentzat eta bestea PSErentzat. 

 

2.065 boto eta 7 zinegotzirekin EH Bildu Mankomunitatetik kanpo uztea zentzugabea dela uste du indar subiranistak, Elgoibarren dagoen indar banaketa inondik inora errespetatzen ez duena. Elgoibar modu egokian ordezkatzea baino gehiago, alderdi interesei erantzuten die gehiago banaketa honek. Beste behin, herritarren egiazko interesei eta elgoibartarren iritziari begiratu beharrean, alderdi interesei begira jokatzen ari da EAJ. 

 

Era horretara, hausnarketa egiteko eta herritarren gehiengoaren interesei begira jartzeko eskatzen dio EH Bilduk Elgoibarko EAJri, indar subiranista Mankomunitatetik kanpo utzita Udaleko bigarren indar politikoa eta elgoibartarren zati handi bat ordezkatzen duena ordezkaririk gabe uzten duelako, zinegotzi bakarra lortu duen PSEri lekua uzteko.