AKTUALITATEA


| 2024-10-25 15:27:00

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen pertsona orok, edateko, etxean erabiltzeko edo elikagaiak ekoizteko, kalitatezko ur osasungarria eskuragarri izateko duen eskubidea.

Gaur egun Aiastia-San Miguel eta Idotorbe-San Pedro auzoetako baserri gehienak sare orokorretik hornitzen diren bitartean, Elgoibarko baserrien erdiak baino gehiago sare publikoara lotu gabe jarraitzen dute. Sallobente, Azkue, Arriaga eta Urruzunoko auzotarrak behartuta daude iturburuen bidezko ur hornidura sistema erabiltzera.

Arazoa larriagotu egiten da lehorte edo euri gutxiko denboraldietan, bertako ur putzuak eta iturburuak ez bait dira nahikoak une horietako ur premiei erantzuteko, eta euri asko egiten duen garaietan, ura lokatzez zikintzen denean, ura baldintza egokietan ez egotearen ondorioz, bizilagun horiei osasun arazoak eragin diezaiekete.

EH Bilduk 2024rako aurrekontu proposamenean, ur publikorako sarbidea ez duten landa auzoak sare publikora lotzeko plangintza baten proposamena luzatu zion Udal Gobernuari. Aldiz honek konpromezu zehatzak hartzeari uko egin zion.

Sallobenteko auzotarrek, 2024ko maiatzean beraiekin izandako azken bileran, arazo hau lehentasunez konpondu beharra zegoela azpimarratu ziguten.

Oinarrizko zerbitzu hau bermatzea Udalen nahitaezko  eskumena izanik,

ezin ditugu atzeratu egungo egoera hau zuzentzeko burutu beharreko jarduerak, are gehiago egoera honek herritarren arteko desberdintasuna areagotzen duenean.

Horregatik, urriko osoko bilkura honetarako mozio bat erregistratu dugu eta bi eskaera luzatzen dizkiogu Elgoibarko udalbatzari:

1-   Legegintzaldi honetarako plan bat garatzea Sallobente, Arriaga Azkue eta Urruzuno auzoek ur sare publikorako sarbidea izan dezaten.

2-   Lehen puntu hori 2025eko aurrekontuetan jasota geratzea.