AKTUALITATEA


| 2024-11-14 15:37:00

Herritarrok zerbitzu publiko eraginkorrak eta duinak behar ditugu, gure beharretara egokituko direnak, eta ez alderantziz. Aurrekontuak tresna politiko indartsuak dira, gastuak eta diru-sarrerak orekatzeaz gain, herritarrekiko konpromisoa eta gobernuaren kudeaketaren norabidea adierazten dutenak. Horretarako, ezinbestekoa da partida ekonomikoak plangintza egoki baten emaitza izatea, politika publikoen jarraipen zorrotza egin ahal izateko eta horiek gauzatzen direla ziurtatzeko.

EH Bilduk 2025erako egindako proposamenetako batzuk iaz planteatutako eskaera berak dira: Herribusen hedapena eta doakotasuna, lursail publikoen erosketa edo komun publikoen hedapena, gobernu taldeak ez dituelako bete 2024rako hartutako konpromisoak.

Bestalde, desberdintasun sozialak eta oinarrizko premiak eta eskubideak asetzeko zailtasunak dituzten pertsonen kopurua handitzen diren bitartean, babes kolektiboko mekanismoak indartu behar ditugu.

Erakunde publikoek kudeatutako zerbitzuak alternatiba eta berme garrantzitsuak dira gaur egungo beharrei behar bezala erantzuteko: larrialdi-egoeran dauden pertsonen gutxieneko duintasun-baldintzak, udal-eskumeneko etxez etxeko zaintza-zerbitzua, etxebizitza-politika eraginkorrak... Ez da onargarria gure oinarrizko eskubideekin beste batzuek negozio-eremu bihurtzea.

Bestalde, trantsizio klimatikorako ezinbesteko bidean, hainbat alderdiri egin behar diegu aurre: mugikortasun-aukerak hobetzeko planteamendu estrategikoak, oinarrizko hornidura-zerbitzuak bermatzea, berdeguneak eta babesleku klimatikoak zabaltzea edo mendi-bideak berreskuratzea eta mantentzea.