AKTUALITATEA


| 2022-09-16 11:57:00

Tasa eta matrikulen izozte orokortu batek eibartar guztioi berdin afektatuko ez digularen jakitun, familia unitateen dirusarrerak kontutan hartu eta horien arabera, norbanako edo eta familia eibartarrek matrikula eta tasetan %50, %75 edo %90rainoko deskontuak izatea planteatu du EH Bilduk.

Aspaldi diogu berdina, tasa eta zerga justuenak bakoitzak bere dirusarreren arabera ordaintzen dituenak dira. Zerga askotan oraindik ezin da aplikatu justizia sozial hori, foru araudiak ez duelako baimentzen, bai ordea, udal eskumeneko hainbat tasetan. Gauzak horrela, EH Bilduk Kiroldegiko, Musika, Marrazki eta Zeramika eskoletako tasetan familia unitatearen dirusarrerak kontutan hartzea proposatu du.

Usurbilko udalaren eredua ispilu, udal zerbitzu horietan dirusarrera taula bat txertatzea proposatu dugu, udal eskolako ikasleek eta kirol patronatuko erabiltzaileek beraien dirusarreren arabera deskontuak izateko aukera izan dezaten.

Taulan familia unitatearen kideak eta familiaren dirusarrerak hartuko dira kontutan, baita guraso bakarreko familiei keinu berezi bat eginez. Horrela, dirusarrera gutxien dituzten familia unitateek %90erainoko deskontu edo hobaria izan dezakete eskola horietako matrikuletan edo eta udal kirol zerbitzuetan.

Proposamenaren helburua, kulturaz, kirolaz eta aisialdiaz gozatzeko eskubidea zabaldu eta demokratizatzea da. Familien egoera ekonomikoa ez dadila muga ez oztopo izan kultura eta kirol zerbitzu publikoetako erabiltzaile izateko.