AKTUALITATEA


| 2022-03-30 10:50:00

Gipuzkoako Garraio Agintaritzan tarifen jaitsiera orokorra aztertzea eskatu du EH Bilduk, egiten den bidaia dela ere, edo erabiltzen den garraiobidea trena, lurraldebus edo hiri barrukoa izan. Gainera, garraio publikoa gehien erabiltzen duenari mesede egiten dion MUGI sistemaren filosofian sakonduz, beharrezkoa ikusten dugu laugarren tarifa tarte bat sortzea, deskontuak sektore gehiagotara zabaltzeko. Deskontuak gero eta handiagoak izanda, MUGI sistema ere erakargarriagoa izango litzateke.

Gainera, garraio publikoan zerbitzu guztiak berreskuratzea eta garraio-eskaintza zabaltzea ere eskatu du EH Bilduk.

Tarifa oro jaisteko ordua da, eibartar guztiei mesede egingo diena. Bai Eibar-Eibar erabiltzaileei zein Eibartik beste leku batetara garraio publiko bidez mugitzen direnei ere. Adibidez, Eibar-Donosti edo Eibar-Mendaro erabiltzen dutenek ere, tarifa jaitsiera merezi dute. Gainera, sortu nahi dugun laugarren tartea, eibartar askorentzat mesedegarria izango litzateke. Gogoratu beharra dago, tramoka daudela deskontuak MUGI sisteman; 1-20 bidaien bitartean, 20-50 bidaien bitartean, eta 50 bidaitik gorako tartea. Laugarren tarte berria 20 eta 50 bidairen artean kokatzeko aukera dagoela uste du EH Bilduk.

Eskaera guzti hauek behar duten aurrekontua handia izango dela jakitun, BIDEGIko autopistetako peajeetatik jasotako diruaren zati bat garraio publikoa sustatzera bideratzea eskatu dugu. Horrela ahalbideratzen du legeak nahiz eta orain arte bide hori ez den jorratu. Ibilgailu pribatuaren eta dependentzia energetikoaren aurrean, ordua da garraio publikoa indartzeko.