AKTUALITATEA


| 2020-07-10 11:35:00

Osasun krisialdi hasieratik udal aurrekontua bere osotasunean berraztertzeko eskaera egin du EH Bilduk. Azterketa hori egin da baina ez gaude ados emandako murrizketa batzukin, batez ere Garapen Ekonomikoa ardatz dutenekin.

Lan munduan hobetzeko dirulaguntza ildoa dago martxan Udalean. Formakuntzak eta lanean hobetzeko egindako ikasketak diruz laguntzen dira ildo honen bitartez. PSOEk partida hau murriztu du, diruz laguntzen diren ekintzen zerrenda handitu beharrean. Bizi dugun krisi egoera honetan udal gobernuak hartutako erabaki honek ez dauka ez hanka ez buru. Are larriagoa da oraindik  Gizarteratze enpresak sortzeko dirulaguntza ildoa bere osotasunean ezabatzea. Krisialdiak gogor joko du Eibar, gainera, baztertzea arriskuan dauden herritarrek pairatuko dituzte ondorio larrienak, beraz, nola da posible kolektibo honen lan txertatzean murrizketak egitea?

EH Bilduren ustez, kontrako bidea jarraitu behar du Udalak. Langabezi maila azkar goraka doan une honetan, lan munduan txertatzeko ekintzetan eta lan orientazio pertsonalizatuan jarri beharko luke indarra Eibarko Udalak. Ez al dugu ezer ikasi azken urteotan? Eibarko langabetu perfilari erantzun ahal izateko ekintza egoki eta arrakastatsuenak lan orientazio pertsonalizatua txertatuta eraman dituztenak izan dira. Hau da jarraitu beharreko bidea.

Azken urteotan Lanbide kolapsatuta dago, ordua da beraz, udal lan orientazio zerbitzua martxan jartzeko. Zerbitzu zentrala izan beharko litzateke eta zentrala den heinean, hiri erdigunean kokatu. Ez hori bakarrik, lan orientazio zerbitzuak zeharka egin beharko luke lan Garapen Ekonomiko eta Gizartekintza sailekin. EH Bilduk lanean jarraituko du udal lan orientazio zerbitzua gauzatu arte.