Atzo Armeria Eskola bisitatu zuten Arantza Mata, EH Bilduren Eibarko Alkategaiak eta Gorka Errasti, EH Bilduren Eibarko bozeramaileak, garatu nahi dugun estrategia kontrastatu eta beraien iritzia jasotzeko.
Azken hamarkadan merkataritza erabat lehenetsiz egindako politikek ondorio larriak utzi ditu Eibarren. Ezberdintasun sozialen gorakada nabarmena eta sare industrialaren desegitea, begi bistan daukagun errealitate gordinaren osagai dira.
EH Bilduren estrategia sozioekonomiko berriak industriaren garapena, komertzio txikia eta lokal hutsen erabilera, lehen sektorearen indartzea, langabezian dauden pertsonen laneratzea, turismoaren garapena eta eskualdeko garapen agentziaren birformulazioa eta indartzea barnebilduko ditu. Eibarrek bere erreferentzia ekonomikoa berreskuratzea nahi dugu.
Industriak aberastasuna dakar eskutik
Industria enpresen galera nabarmena izan dugu herrian. Industriaren pisua Eibarko ekonomian (%19) Debabarrenakoaren erdia da (%38). Estrategia sozioekonomikoaren baitan berrindustrializazioak pisu nabarmena izango du.
Hiru oinarritatik abiatuko da:
1. Herrian dauden enpresak babestu eta deslokalizazioa ekidin. Gizarteak dituen erronka izugarrien aurrean, enpresak ere etengabeko trantsizioan dihardute. Testuinguru berrietara egokitzen laguntzeko neurriak hartuko ditu EH Bilduk, trantsizio ekonomiko-ekologikoa lanpostuak bermatuz eta jasangarritasuna hobetsiz eman dadin.
2. Enpresa industrialak erakarri. Azpiegitura nagusiek zeharkatzen duten herria izanik enpresa askorentzat kokapen geografiko ezin hobea du Eibarrek. Herrian urte luzez alferrik galtzen utzi diren espazioak baliatu behar ditugu. Sektore berrietan sortu diren beharrei (energia, digitalizazioa, elikadura…) eta PYMEn espazio beharrei erantzuteko politikak garatuko ditu EH Bilduk.
3. Enpresa industrial berriak sortzea. Udalak partaidetza aktiboa izango du enpresa industrial berriak sortzeko. Gaur egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko. Armeria Eskolarekin batera, enpresa industrialen lan beharrak asetzeko eta langileen kualifikazio maila garatzeko formakuntza programa jarriko da martxan.