Gaur egun, bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria eguneroko errealitatea dira LGTBIQ+ pertsona askorentzat. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa sakon errotuta daude oraindik gizarteko sektore askotan. Eta udal gobernuak gu baztertzeko hartutako erabakia ez da batere lagungarria zentzu horretan.
Asko dago egiteko, pertsona orok askatasunez bizi ahal izan dezan, bai Sarrigurenen, bai gure herri eta kontzejuetan, bai munduko gainerako lekuetan. Eta horren frogarik nabarmenena da LGTBIQ+ erasoen datuak ugaritu egin direla. Armairuak gure bizitzako esparru guztietan jarraitzen du, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta, ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude.
Horren guztiaren aurrean, antolatu eta borrokatu egin behar dugu. Gure kasuan, talde politiko gisa, erakunde publiko integral eta sendoetatik ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak gauzatuz, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak gaituz. Bada garaia politika anekdotikoak alde batera utzi eta egiturazkoak erdigunean jartzeko. Eta horixe da, hain zuzen ere, gainerako taldeei lau urte hauetan eskatu dieguna.
Beharrezkoa da gure udalerriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzari buruzko diagnostiko bat egitea eta, horretan oinarrituta, ekintza-plan integral bat abian jartzea. Jakina, prozesu hau herriko LGTBIQ+ mugimendua osatzen duten pertsonekin batera egiteko konpromisoarekin. Horregatik, EH Bilduk konpromisoa hartzen du Eguesibarren bizikidetza sustatzen jarraitzeko, hezkuntza komunitatearekin, gazteekin eta elkarteekin elkarlanean.