AKTUALITATEA


| 2025-02-25 13:09:00

Eguesibarrentzat nahi den hazkunde mota erabakitzeko herritarrek duten eskubidea defendatu du EH Bilduk 

Eguesibarko Hirigintza Plan Berri bat bultzatzea proposatu du ezker subiranistak herritarren eta kontzejuen parte-hartzea bermatzeko, Nafarroako Gobernuak eta UPNk Sarrigurengo etxebizitza berriei buruz egindako iragarpenen aurrean.

Azken astean Sarrigurenen egin daitezkeen etxebizitza berrien inguruan bizi izan den “lehia mediatikoaren” aurrean, etxebizitza eskubideaz gain, lurralde oreka iraunkorra eta herritarren eta kontzejuen parte-hartzea bermatuko dituen Eguesibarko Udal Hirigintza Plan Berri bat bultzatzea proposatu du EH Bilduko udal taldeak. Hori da bihar egingo den Eguesibarko Udaleko Osoko Bilkuran EH Bilduk defendatuko duen proposamena.

Udal taldeak oso modu negatiboan baloratu ditu Sarrigurenen milaka etxebizitza eraikitzeko egindako iragarkiak. Formazioaren arabera, proposamenek ez dute ikuspegi integral, sozial eta parte-hartzaile koherenterik haranaren garapenari buruz, bertako biztanleak eta kontzejuak alde batera uzten baitituzte. “Neurriz kanpoko handitzea proposatzen ari dira, lurraldearen benetako beharrak kontuan hartu gabe eta horrek ekarriko lituzkeen gizarte, ingurumen eta azpiegitura ondorioak ebaluatu gabe”, hausnartu du Ainara Gonzalez bozeramaileak. “Jendeak ezin du etxebizitza eskuratu merkatuko ondasuntzat jotzen jarraitzen bada, benetako bultzada publikoa emateko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko unea da”.

EH Bilduren ustez, herritarrek beren lurraldearentzat nahi duten hazkunde motari buruz erabakitzeko duten eskubidea murrizten dute proposamenek. Eguesibarko Udalak kontratu bat du esleituta Udal Hirigintza Plan berri bat idazteko 2018ko azarotik, baina ez da inolako aurrerapenik egin. “Inkongruentea da, denbora honetan guztian ezer egin ez duenez, orain UPNk Sarrigurenen korrika eta presaka 5.000 etxebizitza egin nahi dituela iragartzea. Udal gobernuak bere aurretiazko konpromisoak bete behar ditu, eta Eguesibarrerako hirigintza hazkundeak moderatua izan behar duela ondorioztatu zuen parte-hartze prozesua berreskuratu behar du ”, kritikatu du. “Era berean, Sarrigurenen 4.000 etxebizitza berri eraikitzeko UGPS bat planteatzea kezkagarria da, are gehiago murrizten baitu herritarrek hirigintza-plangintzan aktiboki parte hartzeko duten eskubidea”.

Eguesibarren, 2025eko otsailaren 25ean
 

Prentsa oharra