AKTUALITATEA


| 2024-02-02 13:57:00
Euskara gaur egungo eta Nafarroako historiaren parte da. Nafarroa osoa eta hurbilago, gure ibarra, hizkuntza honek urteetan zehar utzitako aztarnen lekuko izan dira. Abizenak, mendiak, ibaiak edota gure herrien izenak dira horren adibiderik argiena.
 
Asko izan dira hizkuntza honen atxikimendu eta defentsa adierazpenak erakunde, gizarte talde edo auzokideen aldetik. Asko izan dira ere jarritako trabak eta egindako erasoak, baina gaur egun gure hizkuntza bizirik dirau.
 
Euskararen aldeko beste ekintza askoren artean, Korrika nabarmentzen da. 1980 urtetik hona, 22 aldiz ospatu da lasterketa herrikoi hau, eta aurtengoarekin 23 izanen dira. Bi mila eta bostehun kilometro euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun, gelditu gabe. 
 
Jende aniz eta adin ezberdinetakoak, txikiak, helduak eta adinekoak elkarrekin, guztiek ahal duten neurrian, euskarazko jai honetan parte hartzen dute. Bakoitza bere motibazioarekin:  kirola egiteko aprobetxatzen duten kirolariak edo bazkari edo afariak antolatzen dituztenak besteak beste. Familiarekin, lagunekin edo bakarrik, baina guztiek helburu bakarra buruan, euskara maitatzea, euskaraz gozatzea eta bizitzea eta hizkuntza bizirik mantentzea. 
 
Baina ez da Korrika bakarrik. Aurkezten denetik, azken eguneko jaia ospatu arte, ehunka kontzertu, hitzaldi, kultur ekitaldi eta abar antolatzen dira. Aurten ere Korrikak Nafarroa zeharkatuko du, Cascantetik Lesakaraino eta Ezkarotzetik  Altsasuraino, gure ibarra barne.  
 
Azaldutako guztiagatik, honako adostasun-puntu hauek proposatzen ditugu:
 
1- Eguesibarreko Udalak, martxoaren 16an gure Ibarra zeharkatuko duen Korrikaren 23. edizioaren kilometro bat erostea, euskararen berreskurapenaren alde gaudela adierazteko.
 
2- Herritar guztiak animatzea gure ibarrean ospatuko den hurrengo Korrikaren edizioan parte hartzera.
 
3- Kontzejuek, elkarteek eta kolektiboek Korrikarekin zerikusia duten jarduerak garatzeko behar diren materialak eta azpiegiturak lagata sor daitezkeen eskaerei behar bezala erantzutea.