Gaur egun, bazterkeriak, estigmatizazioak eta indarkeriak eguneroko errealitatea izaten jarraitzen dute LGTBIQ+ pertsona askorentzat. Tamalez, aurreiritziek, uste faltsuek, estereotipoek, bazterketak eta gorrotoak sakonki errotuta jarraitzen dute gizarteko sektore zabaletan. Udal gobernuak gu baztertzeko hartu duen erabakiak egoera hau okertu besterik ez du egin.
Orain, eskuin muturreko diskurtsoek eta zenbait hedabidek zis-hetero arauetik ateratzen diren bizitzak estigmatizatu eta ezabatu nahian dabiltzanean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure historia ospatu eta aldarrikatzea, gure herriko kaleetan gure ikurren presentzia ere bermatuz.
Oraindik asko dago egiteko edozein pertsona libre bizi dadin Sarrigurenen, gure herri eta kontzejuetan, eta munduko edozein lekutan. Horren frogarik argiena eraso LGTBIQ+fobikoen gorakada da. Armairuak presente jarraitzen du bizitzako esparru guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen dira... eta, horren ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude.
Errealitate horren aurrean, antolatu eta borrokatu beharra dago. Gure talde politikotik, uste dugu instituzioetatik jardun behar dela, politika publiko sendo, integralekin, ikuspegi feminista eta inklusiboan oinarrituta. Ezinbestekoa da babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzea. Jada ez dute balio politika sinboliko edo anekdotikoek: politika estrukturalak erdigunean jartzeko unea da. Eta hori da, hain zuzen ere, lau urte hauetan defendatu eta proposatu duguna.
Gure herrian LGTBIQ+ pertsonen egoerari buruzko diagnostiko zorrotza egitea proposatu genuen, eta, hortik abiatuta, ekintza plan integrala martxan jartzea. Prozesu hori modu bateratuan egin behar da, tokiko LGTBIQ+ mugimenduarekin modu aktiboan kontatuz.
Horregatik, EH Bildutik konpromisoa hartzen dugu Eguesibarren bizikidetza, berdintasuna eta aniztasuna sustatzen jarraitzeko, hezkuntza komunitatearekin, gazteriarekin eta elkarteekin elkarlanean.
ASKE BIZI, ASKE MAITE!
Eguesibarko Udala Taldea