Bihar, igandean, Gogora Institutuak ekitaldia egingo du Polloeko hilerrian, bertako mausoleo frankistan lurperaturik dauden miliziano errepublikanoak gogora ekartzeko.
EH Bilduk 2021eko azaroaren 30ean egindako ekimen instituzional batetik abiatzen da ekimen hau. Jatorrian ‘Dinamita Tour’ elkarteko Itxaso Bikuñak eta hiriko beste hainbat historialarik, artean Iñaki Egañak, egindako ikerketak daude. Orduan egindako ekimenean, zera eskatu genuen:
«Donostiako Udalak hiriko hainbat historialarik burututako ikerketei jarraipena eman diezaiela aipatu eremuan fusilatuen gorpuzkinak ote dauden argitzearren, eta aldi berean, abiatu ditzala monumentu frankista eraisteko beharrezko izapideak».
Ikerketa egin da, baina ikertzen jarraitu behar da. Hori adierazi zuen EH Bilduk Udalak egindako lehen azterlanaren ondorioak ezagutu zituenean. Izan ere, eta Gogorak mausoleoan dauden gorpuzkien gaineko identifikazioa deskartatu badu ere, ageriko da oraindik bertan daudenen zerrendak osatu gabe daudela. EH Bilduk ikerketa bururaino eramatea eskatzen du, justiziazkoa baita.
Bestalde, ikur frankista ez dutela kenduko erabaki dute Gogorak eta Udalak, eta horren ordez, igandean inauguratuko den eskultura jarriko dute gurutze frankistaren ondoan. Behin eta berriro esan dugu, eta esaten jarraitzen dugu, bertan ehortzita dauden milizianoei egin diezaiekegun omenaldirik onena gurutzea kentzea dela, eta horretan jarraituko dugu.
Biharko ekitaldian EH Bilduren ordezkaritza batek parte hartuko du, egiteko falta dena gogoratzeko eta, batez ere, miliazioak eta beren senideak aitortzeko eta oroitzeko.
Hitzordua 11:00etan da, Polloeko hilerrian.