AKTUALITATEA


| 2021-11-10 13:00:00

Datu guztien arabera, Kontxa azpiko tunelaren zulaketa lanak geldirik daude berriro, eta 6 hilabeteko atzerapena pilatu dute dagoeneko.

Joan den urriaren 25ean, ELAren ordezkaritza batek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen, metro-pasantearen obretan lan-baldintza txarrak direla-eta Lan Ikuskaritzaren eta epaitegien aurrean jarritako salaketa ugarien berri emateko. Agerraldi horretan, ELAko ordezkariek adierazi zuten “obrak berriro gelditu direla, proiektu berria ere gaizki dagoelako”.

Salaketa horien aurrean, egun horretan bertan, ETSk (Eusko Jaurlaritza) prentsa bidez erantzuten zion ELAri, baina ez lan-baldintzei buruzko salaketa larriei erantzuteko, baizik eta honako hau ziurtatzeko: “Obrak ez daude geldirik, Kontxa azpiko zulaketa lanak bakarrik daude geldirik, non hormigoia injektatzen ari garen tunelarekin jarraitu aurretik”.

Hala ere, UTEa eta zulaketa-metodoa aldatu diren arren, iluntasunak nagusi izaten jarraitzen du. ELAren salaketari esker, herritarrek jakin ahal izan dute obrak Kontxaren azpian geldirik daudela. Baina ez da atzerapenaren arrazoiei buruzko jakinarazpen ofizialik egin. Eta, gaur egun, ez dakigu zergatik Kosta Zuzendaritzak oraindik ez duen zulatzeko baimenik eman.

Kosta Zuzendaritzak zulatzeko baimenik eman ez izanak Eusko Jaurlaritzak bere garaian egindako aurreikuspen guztiak bertan behera utzi ditu. Hasieran jakinarazi zuten “zulaketa lanak ekainean” hasiko zirela, eta ekaina iristean, aldiz, “hurrengo asteetan”.

Atzerapena ikusita, eta informazio gardenik ematen ez badute ere, dagoeneko esan dezakegu Kontxa azpitik tunela egiteko bigarren saiakeran ere arazo larriak agertu direla. Izan ere, obrek sei hilabeteko atzerapena pilatu dute hasierako aurreikuspenak egin zirenetik. Eta hau arazo larria da: ez dezagun ahaztu obra hauek hiri eremu batean egiten ari direla, dagoeneko eragozpen asko sortu dituela Donostiako bizilagunen artean. Eta ez hori bakarrik, lurrazalean zuloak agertu izanak agerian uzten du obra hauek arriskuan jarri dutela herritarren eta langileen segurtasuna.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk eskatu dio Udal Gobernuari Donostiako Euskotrenen obren jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorra deitzeko. Batzorde hau bi hilabetean behin deitu beharko litzateke, baina legegintzaldi honetan hiru aldiz baino ez da bildu, beti EH Bilduren eskariz (azkena, maiatzaren 24ean).

Obren arduradunek erantzun beharreko galdera batzuk:

  • Ze baldintzak eskatu ditu Kosta Zuzendaritzak Kontxa azpian zulatzeko baimena emateko?

  • Zerk eragin du atzerapena? Zein da egindako diseinuan aurreikusi ez den arazo berria, ETSk aurreikusitako epe guztiak zapuztu dituena?

  • Kontxa azpiko tunela zulatzeko proiektu berriak ere akats larriak ditu? Tunela egiteko aurreikusitako kota egokia da ala beherago zulatu beharko litzateke, ELAk dion bezala?

  • Diseinuan aukeratutako eraikuntza-metodoa zuzena da ala metodo berri batean ari dira lanean?

  • Maiatzaz geroztik, zenbat tona zementu-esne injektatu dira Kontxa azpian? Zenbateko gainkostua suposatzen du honek esleipen-prezioarekiko? Aurreikusitako emaitzak lortzen ari da injekzio-lan hauen bidez? Zenbat tona gehiago injektatzea aurreikusten da ezarritako helburuetara iristeko?

  • Pilatutako atzerapenak ikusita, eta metro-pasantea 2025. urtearen hasieran martxan egongo zela iragarri ondoren, zein da obrak amaitzeko aurreikuspen data berria?

  • Eneko Goiarentzat galdera: irailaren amaieran esan zenuen tokiko irrati batean lanak “normaltasunez” egiten ari zirela. Normala iruditzen zaizu sei hilabeteko atzerapena pilatu izana? Ba al duzu zer esanik donostiarrei metro-pasantearen obren hamaikagarren eragozpenen inguruan?