AKTUALITATEA


| 2024-03-12 13:19:00

EH Bilduren ekimenez bertako merkataritzaren inguruko pleno monografikoa egin dugu martxoaren 12 honetan. Honaino ekarri gaituen bidea konpartitua izan da, dendarien elkarteekin egindakoa, hain zuzen. Asteetan zehar haiekin elkarrizketatu gara, entzun ditugu eta egiteko dituzten proposamenak jaso ditugu. Iritziak eta kezkak dituzte, ideia erakargarriak sektorea biziberritu eta sendotzeko.

Sektorearen egoera kezkagarria dela da haien diagnostikoa eta EH Bildutik konpartitzen dugu. Horrek guztiak ekarri gaitu gaur Udalbatzara. Eztabaida lasaia bilatu dugu, propositiboa eta eraikitzailea. Gaurko pleno monografikoa abiapuntua baino ez zen, eztabaidak erpin asko dituelako eta gaia konplexua delako. Dendariek eta bertako merkatariek erakundeak eta alderdiak alboan behar gaituzte.

Bost proposamen edo neurri jarri ditugu gaur mahai gainean, egingarriak, bihartik aurrera nahi bada; denak, dendarien elkarteekin adostuak. Bakar bat ere ez da aurrera atera EAJ eta PSEk aurka bozkatu dutelako.

Hauek dira bost neurriak:

1.- Amara eta Amara Berri auzoetan merkataritza-ardatzak ezartzeko proposamen pilotu bat diseinatzea, era horretan, bertako merkataritza suspertzeko neurri eraginkorrak aplikatzeko.

2.- Alde Zaharreko Merkataritza Birgaitzeko Plan bat egitea auzo horretan hurbileko merkataritzaren galera itzulezina ekiditeko.

3.- Hiriko merkataritzaren egoerari buruzko azterlan bat egitea besteak beste, auzoei trakzio-elementuak emateko premia aztertu eta auzoetan merkataritza-erakargarritasun handiagoa sustatzen laguntzeko.

4.- Logela-auzoak sor ez daitezen, Udalaren edo Donostiako Etxegintzaren jabetzako merkataritza-lokalak errenta mugatuko baldintzetan merkaturatzeko eta sustatzeko formulak aztertzea.

5.- Sustapen-formulak aztertzea gaur egun bizitegi-erabilerarako egokiak diren solairuetan ezarritako merkataritza-jarduerak lokaletara lekualda daitezen, horrela, lokal hutsak okupatu daitezen, eta, aldi berean, egun erabiltzen dituzten etxebizitzak bizitegi-erabilerarako libre geratzeko aukera egon dadin.

Lehenik eta behin, erabat deitoratzen dugu osoko bilkuraren garapena. Harrituta eta penatuta gaude Udal Gobernuak darabilen tonu oldarkorrarekin, osoko bilkura hau bultzatu duen udal taldearen nahia hiriari buruzko gai bat eta proposamen zehatzak mahai gainean jartzea zenean, hiriko merkataritza txikiaren egoera hobetzeko. Gure ustez, proposamen horiek bat etorri beharko lukete sektoreko elkarteekin, eta, gure ustez, adostasun zabala izan beharko lukete osoko bilkuran.

Adostasun hori hautsi egin dute hiriko gobernua osatzen duten taldeek, EAJ eta PSOE. Ez genuen norgehiagokarik bilatzen, ez genuen doako kritika bilatzen, soluzioak bilatzen genituen, erantzunak, irtenbidea. Horretarako, talde guztientzat onargarriak ziren 5 puntu planteatu ditugu, eta, horretarako, garrantzitsua iruditzen zitzaigun berariazko osoko bilkura bat deitzea, Donostiako saltoki txikien egoeraz hitz egiteko.

EAJk eta PSEk azaldu beharko dute zergatik bozkatu duten kontra, zergatik ez duten neurri bakar bat ere babestu. Eztabaida antzua eman dute, ez dute proposamen bakar bat ere egin, eta dendarien aurrean ere azaldu beharko dute zergatik. Guk ere galdegin nahi dugu: zergatik?

Jarrerak jarrera, Donostiako EH Bilduk lanean jarraituko dugu, konponbideak bilatzen eta gai honi buruzko proposamenak helarazten, beti ere Donostiako merkatarien eskutik. Ziur gaude donostiar herritar gehienek sektorearentzat konponbide adostuak bilatzeko beharra dutela.