AKTUALITATEA


| 2024-04-25 17:55:00

EAJk eta PSEk ostegun honetako osoko bilkuran Añorgako Geltokia azpiesparruko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko asmoa zuten arren, gai zerrendatik kendu behar izan dute EH Bilduk antzeman eta jakinarazi ostean Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen adierazpen estrategikoa aurtengo urtarriletik iraungita dagoela.

Dokumentua nahitaezkoa da eta bi urtez dago indarrean. Epea gaindituta, eta aurretik luzatu ez bada, nahitaezkoa da beste bat eskatzea. EH Bilduk espedientea aztertzean egiaztatu ahal izan du legezko baldintzak ez zituela betetzen. Udal Gobernuko inor ez da ohartu bere betebeharra eta erantzukizuna izan arren bermatzea osoko bilkurara aurkezten diren espedienteek nahitaezko lege-baldintza guztiak betetzen dituztela.

Tokiko Gobernu Batzordeak berak duela aste gutxi onartu zuen plana, ingurumen adierazpena iraungita zuenean jada. Honek jarraipen falta agerian uzten du. EH Bildutik ‘txapuza’ bat dela uste dugu, eta ezin dela justifikatu soilik esanda ‘akats administratibo’ bat izan dela.

Hala ere, EH Bildutik uste dugu aukera berri bat ireki dela Añorga Txiki auzoa entzuteko, behin baino gehiagotan adierazi baitute bertako bizilagunek proiektua ez dutela konpartitzen, ez daudela ados. Horregatik, Udal Gobernuari eskatzen diogu herritarrekin zubiak eraiki eta adostasun-puntuak bilatzen saiatzeko.

Leiho hau aprobetxatzea proposatzen dugu planeamendu-proposamen berri bat aztertzeko. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) idazketa prozesuan gaudela baliatuz, auzoaren eskaerei erantzun egokia emateko unea izan daiteke honakoa.