EH Bilduk kanpainako Bizkaiko lehen ekitaldi publikoa egin du gaur Gernika-Lumoko merkatuan. Bertan, Idurre Bideguren Espainiako Senaturako hautagaiak horrela eskertu du jendearen partehartzea.
«Benetan pozgarria da gaur zuekin guztiekin elkartzea, elkarri begiratzea eta partekatzen dugun proiektu honen inguruan berriro bat egitea. Eskerrik asko betiko militanteei, urte luzez lanean aritu zaretenoi; eta eskerrik asko azkenaldian EH Bilduren etxera hurbildu zareten guztioi ere. Ez dut aipatu gabe utzi nahi asteazkeneko greba eguna. Milaka herritar kalera etera ginen gure aldarrikapenekin. Mobilizazio horrekin argi erakutsi dugu etxebizitza eskubidea, lan-baldintza duinak eta etorkizun justuago baten aldeko aldarria inoiz baino biziagoa dagoela gure kaleon», esan du orain arte Madrilen senatorea izan den eta Bermeoko alkate oihak.
Bihar Bilbon ezker soberanistak deitutako mobilizazioa izan du hizpide Bidegurenek. «Bihar beste hitzordu garrantzitsu bat dugu Bilbon. Indarrak batzen ditugunean, gauza handiak egiteko gai garela erakutsi dugu behin eta berriro. Kaleak betetzeko, gure ahotsa entzunarazteko eta elkarrekin aurrera egiteko unea da. Ziur nago EH Bilduren komunitateak berriro ere erantzungo duela. Posible egingo dugu!»,
Gernikako Udalean EH Bilduren bozeramaile den Jose Ramon Bilbao Bulik aurkeztu duen ekitaldian, Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko batzarkide eta bozeramaileak ere parte hartu du.
Casanovak bozka eskatu du EH Bilduren hautagaientzat. «Zuen bozka behar dugu azaroaren 29tik aurrera indar gehiagorekin bultza egin ahal izateko. Indar gehiago behar dugu eskuin espekulatzailearen aurrean, etxebizitza eskubidea bermatu eta zabaltzeko. Etxebizitzaren arazoa sortu dutenek nekez konponduko dutelako. Gainera, putre funtsei frenoa jartzeko dekretuei ezetz bozkatu dioten berdinak dira. Aldiz, guk ez dugu zalantzarik egiten», gaineraratu du Iker Casanovak.
Bizkaiko ezker soberanistaren ordezkariak goraipatu du EH Bilduk jendearen eskubideak bermatzen dituela «bizitza duinen aldeko indarra delako ezkerreko soberanismoarena. Horixe bera baita bloke erreakzionarioa garaitzeko formula: eskubideak bermatzea. Eta umiltasunez baina konfiantzarekin esaten dugu: EH Bilduren aldekoa da eskuin muturra garaitu eta etxebizitza eskubidea bermatzeko botoa».