AKTUALITATEA


| 2026-11-15 12:59:00

Itxaropenak aurrera egin du aste honetan Euskal Herrian. Horrela mintzatu da gaur Markina-Xemeinen, espainiar Senaturako hautagai bizkaitarra den Idurre Bideguren.

Lea Artibain egindako ekitaldi politikoan, Senaturako hautagaiak mikrofonoa partekatu du Iker Casanova EH Bilduko Bizkaiko batzarkide eta bozeramailearekin eta Markina-Xemeingo alkategai izateko EH Bilduk proposatutako Mari Eli Ituarterekin. Haiekin batera, egungo alkatea den Iratxe Lasa parte hartu du ere ekitaldi politikoan.

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean euskal gizarteak izan duen protagonismoaren berri eman du Bidegurenek, baita hauteskunde kanpaina baten baitan inoiz izan den ekitaldi politiko eta mobilizazio jendetsuenaren berri ere. «Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu atzo Bilbo bete zenuten 40.000 pertsona baino gehiagori. Herri honen historiaren parte zarete», adierazi du hautagai subiranistak.

«Guk argi daukagu. Zaratatik aldendu behar gara, politika herritarren bizitza hobetzeko baitago eta gu horretarako gaude hemen. Horretarako gaude erakundeetan  eta horretarako goaz Madrilera ere. Gu herritarren berme eta eskubideak defendatzera goaz. Gauzak egiteko beste modu bat dagoela erakutsi dugu eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere! Ez dugu zertan oihuka hitz egin behar gauzak argi esateko. Gure eskubideak, gure askatasunak eta gure herriaren etorkizuna jokoan daudenean, argi erantzungo dugu: ez dira pasako! Gure amaren etxea defendatuko dugu!» esan du Idurre Basagurenek Markina-Xemeinen.

Urte hauetan Madrilen egindako lana horren erakusgarri dela gaineratu du Senaturako hautagai soberanistak. «Gu ez goaz Madrilera eserleku bat betetzera, gure herritarren eskubide eta bermeak defendatzeko egin beharreko guztiak egitera baizik. Euskal Herriak Madrilen ahotsa baduela erakutsi dugu; baina, batez ere, eragiteko gaitasuna dugula da erakutsi dugu».

Idurre Bidegurenek EH Bilduren aldeko bozka eskatu du hilaren 29an, «partidua jolasteko aukera dagoelako, eta guztion esku dagoelako gure historian mugarri izaten jarraitzea; harro egoteko moduko mugarriak. Zure esku dago herri honen historiaren hurrengo orrialdeak idazten jarraitu».