AKTUALITATEA


| 2019-05-21 21:49:00

Bea Ilardiak uste du Bizkaiak industria aurreratuaren eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustu egin behar duela azken urteotako politika publikoak kontrako norabidean joan direlako. EH Bilduren ahaldungai nagusiak hala adierazi du gaur arratsaldean Sestaon Mikel Izquierdo bertako alkategaiarekin eta Diana Urrea Orain Errepublikak Europako Parlamenturako hautagaitzako kidearekin batera.

Ilardiak instituzio publikoen lana kritikatu du, azken urteotan Bizkaian hirugarren sektoreari begira aritu direlako eta industria eta kalitatezko enplegua, aldiz, bazterrean utzi dituztelako. “Euren politika ekonomikoa prekarietatea areagotzen ari da industriaren sektorea desegiten ari den bitartean. Industria-birmoldaketa saldu ziguten, baina desindustrializazioa izan dugu”.

EH Bilduk, ostera, industria aurreratuaren eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustu egiten du eta, horretarako, “egun erabiltzen ez diren lurzoru industrialak, Babcockenak kasu, berreskuratzea” proposatu du Ilardiak, horrek balio erantsia duten industria berriak erakartzea ahalbidetuko duelakoan. Halaber, kinka larrian dauden enpresei laguntzeko 50 milioi euroko funts bat sortzea ere planteatu du, “politika industrialak aurrea hartu behar dielako ager daitezkeen arazoei eta egoerari buruzko jarraipena egin behar du zehazteko zer nolako laguntzak, maileguak edo bestelako neurriak behar dituzten enpresek”.