AKTUALITATEA


| 2020-04-22 14:34:00

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak oposizioko taldeei ekarpenak eskatu dizkie koronabirusak arlo ekonomikoan izango dituen ondorioei erantzuteko. Horretarako bi eguneko epea eman die talde ezberdinei.

Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiako bozeramaileak adierazi duen bezala, “deigarria da orain horrelako presa erakustea. EH Bildutik 40 proposamen baino gehiago egin dizkiogu krisia hasi zenetik; krisiak eragina izan duen arlo guztiekin lotutako proposamenak izan dira, ez soilik ekonomikoak, eta oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso. Badirudi ahaldun nagusia berandu dabilela eta arlo ekonomikoa bakarrik aipatzea kezkagarria da”.

Hala ere, EH Bilduk, orain arte bezala, ekarpenak egiten jarraituko du krisi soziosanitario honi aurre egiteko.

Koordinazio mahaia eratzea

EH Bildu Bizkaiak koordinazio mahaia eratzea eskatuko dio Aldundiari koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko.

“Eragile ezberdinek osatutako mahaia izan behar da, krisiak eragin duen esparru ezberdinetan zer nolako neurriak hartzea erabakitzeko. Ekonomian izango duen eragina oso garrantzitsua izango da, baina ezin gara beste arlo batzuez ahaztu eta horietarako ere plan bat izatea beharrezkoa da”, azpimarratu du Ilardiak.