AKTUALITATEA


| 2023-05-03 16:43:00

Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak aldaketa klimatikoaren aurrean politika integral bat martxan jartzea defendatu du, “egungo Foru Gobernuaren paralisiaren aurrean”.

“Ahaldun nagusiak klima-aldaketa erronka nagusietako bat zela adierazi zuen arren, ez da bere agendan egon. Zein izan da Foru Gobernuaren plana? Betiko moduan betikoa egiten jarraitzea, greenwashing pixka batekin”, kiritikatu du Casanovak. Adierazpenok Sopelako EH Bilduko bozeramaile eta alkategai Guruzne Carrassonekin batera egindako agerraldian egin ditu. Bertan, klima-aldaketari aurre egiteko estrategia eta ekintza-plan baten beharra aldarrikatu dute.

Casanovak “aldaketa garrantzitsuen” beharra azpimarratu du “klima-aldaketak dakarren erronka handiari aurre egiteko”. Ildo horretan, ziurtatu du “EH Bildu ez dela besoak gurutzatuta geratuko, premiazko gaia delako”.

«Hainbat arlotan ditugu proposamenak, gai horri buruzko politika integrala abian jartzeko; hala, hondakinen, uraren, hondartzen, elikaduraren eta lehen sektorearen kudeaketan, trantsizio energetikoan eta mugikortasunean jardungo dugu», adierazi du. “Orain hartzen ditugun erabakiek gure etorkizuna baldintzatuko dute, eta, beraz, beharrezkoa da garapen iraunkorrerako premiazko neurriak hartzea”, gaineratu du.

Bestalde, Guruzne Carrassonek klima-aldaketari aurre egiteko eta lurralde eta gizarte erresilienteagoa izateko estrategia eta ekintza-plana aldarrikatu ditu Bizkaia eta Uribe Kostarentzat, eta, bereziki, “gure kostaldea babesteko, gure ingurunea berreskuratzeko eta datozen belaunaldiei ingurune osasungarriagoa uzteko estrategia” aldarrikatu du.

Tokiko eremua

Carrassonen esanetan, Uribe Kostan eta Sopelan “asko dago egiteko ere”, klima aldaketara egokitzeko egin beharreko politikak, neurri handi batean, “udal mailan bidera daitezkeen ekintzetatik abiatu daitezkeelako: hirigintza plangintza eta hiri diseinua, mugikortasuna, energiaren eta uraren kudeaketa eta eraginkortasuna zerbitzu publikoetan, herritarren parte-hartzea dinamizatzea…”. “Horretan ari da EH Bildu tokiko gobernuetan, EA edota Bakio ditugula politika horien eredu”, gaineratu du.

 


 

Carrassonek adierazi du politika instituzionalez gain, ezinbestekoa dela hainbat kolektibo eta eragileren inplikazioa, eta, ildo horretan, Uribe Kostako kolektibo eta elkarteen lana goraipatu du: eraztun berdearen ekimena…

Nolanahi ere, erakundeen arteko lankidetza eta konpromisoa “ezinbestekoak” direla “benetako aldaketak eta neurriak” martxan jartzeko adierazi du, eta hori dela EH Bilduren konpromisoa nabarmendu du.