Arkaitz Rodriguez Mungian hauteskunde kanpainaren baitan antolatutako Bizkaiko ekitaldian izan da gaur. Bere esanetan, «Feivoxek, Euskal Herrira datorrenean, bere proiektuaren ahulezia baino ez du agerian uzten. Izan ere, bere proiektu bakarra gure nazio izaera ukatzea, tristura, motozerra, iraina eta gezurra dira».
EH Bilduk Mungiako Andra Mari elizan egin du gaur Bizkaiko kanpaina ekitaldia. Bertan, Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkariak eta Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak hartu dute hitza. Mitina Diana Urrea legebiltzarkideak aurkeztu du.
Rodriguezen esanetan, gutxiengoa da herri honetan bloke erreakzionarioa «eta azaroaren 29tik aurrera are gutxiago izango dira. Boto masiboarekin eta irribarre handi batekin irabazi egingo diegu. EH Bildu zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ahulagoa izango baita bloke erreakzionarioa».
Hautestontziak itxaropenez eta ilusioz betetzeko deialdia zabaldu du «larunbatean Bilboko kaleak bete genituen bezala, herri honen eta bertako jendearen duintasuna agerian uzteko. Posible da, eta posible egingo dugu».
Idurre Bidegurenek, bere aldetik, aurreratu du EH Bilduk 200 proposamen baino gehiago eramango dituela Madrilera, «horien artean, industriarekin eta enpleguarekin lotutako proposamenak: desindustrializazio saiakeren aurrean, euskal industria defendatuko dugu, gure ekonomiaren eta kalitatezko enpleguaren motor gisa. Eta, horretarako, gure esku dagoen guztia egingo dugu berrikuntzan, garapenean eta elektrifikazioan inbertsioa handitzeko».
Espainiako Senaturako hautagaiak adierazi duenez, enplegua bermatzea, aberastasuna banatzea eta bizitza duinak ahalbidetzea «bloke erreakzionarioari aurre egiteko formula bat ere bada. Horregatik, berriro diogu EH Bilduri botoa emateak balio bikoitza duela: gure industria eta langile klasea defendatuko ditugu eta, aldi berean, bloke erreakzionarioa ordezkaririk gabe utziko dugu. Bermea gara, eta zure botoarekin posible egingo dugu».