EH Bilduk Gallartan ospatu du gaur Bizkaiko ekitaldi politikoa. Bertan hitza hartu dute EH Bilduren legebiltzarkideak diren Diana Urrea eta Julen Arzuagak.
Diana Urrearen hitzetan, “Euskal Herriak Europarako berrikuntza politikoa egituratu behar du, subiranotasuna demokrazian sakontzea dela eta ezkerretik Europa bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta aurrerakoiagoa egitea dela erakutsiz. Eskuindarrak, bertakoak nahiz kanpokoak, gaur egun ultraeskuinaren agenda elikatzen ari dira. Gaur Estatu espainiarra, Norvegia eta Irlanda izan dira, baina Europa osoak eskatu behar du Palestinan genozidioa amaitzeko eta Estatu gisa onartzeko”.
Julen Arzuagak, bestalde, gaur, duela urtebete, udal- eta foru-hauteskundeak izan genituela gogoratu du. “Emaitza ezin hobeak lortu genituen Bizkaian eta tendentzia hori mantendu eta hobetu da joan zen apirileko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan. EH Bilduren igoera geldiezinak aldaketa politiko baten hasiera ekarri du Euskal Herrian. Orain, ekainaren 9an, ziklo politikoaren aldaketa finkatu behar da, egonkortu”.