Bilbo

EH Bilduk uda honetan Bilboko hirigunean kale aisialdi osasuntsurako alternatibak eskaintzea eskatzen du

Helburua da urruntze soziala mantentzea ahalbidetuko duten espazio berriak antolatzea, itzalgune eta ur horniketa nahikoarekin, herritar eta familia guztien eta, bereziki, haurren eta pertsona nagusien aisialdirako

| 2020-06-03 11:16:00

EH Bildu udal taldeak, ekaineko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Udal-gobernuari eskatu dio Bilboko hirigunean aisialdirako espazio berriak antolatu ditzan, itzalguneak eta ur horniketa ziurtatuz, eta era berean beharrezkoa den urruntze soziala mantentzea ahalbidetuz. Helburua da, datozen hilabeteotan eta pertsonen arteko distantziak mantentzeko neurriak indarrean dauden bitartean, kale aisialdi osasuntsurako alternatibak eskaintzea herritar eta familia guztiei eta, bereziki, haurrei eta pertsona nagusiei.

EH Bildu udal taldeak azaldu duenez, COVID-19 birusaren zabalpenaren ondorioz pairatu behar izan dugun konfinamenduaren osteko deseskalada faseek aurrera egiten duten heinean, “hiriguneko parke eta berdeguneetan jendetza biltzen hasi da, askotan gainezka egin arte”.

Gainera, adierazi duenez, horri gehitu behar diogu,  udal igerilekuak, Bilbon uda garaiko kale aisialdi alternatiba nagusia, alegia, mugatuta egongo direla ohiko aforoaren %30era, eta gertuko hondartzetarako sarbidea ere murriztuta egongo dela. “Bestalde, segurtasun arrazoiak direla eta, jolas parkeek itxita jarraitu beharko dute”, gaineratu du.

Era berean, EH Bilduk gogoratu duenez, “ezin dugu ahaztu, pandemiaren ondorio ekonomikoak direla eta, pertsona eta familia askok ez dutela hiritik kanpo oporrak ordaintzeko diru sarrera nahikorik izango”. 

Faktore horiengatik guztiengatik, EH Bildu Udal Taldearen ustez, uda honetan “beharrezkoa” izango da “hirigunean espazio berriak antolatzea, aisialdi osasuntsu baterako alternatibak herritar eta familia guztiei eskaintzeko, baina bereziki haurrei eta pertsona nagusiei”. “Espazio hauek itzala eta ur nahikoa eskaini beharko dute, uda garaiko tenperatura altuei behar bezala aurre egin ahal izateko”, zehaztu du.

"Gure mozioa aurrera ateratzea espero dugu; izan ere, bilbotarren beharrizan bat da, eta egungo egoeran, ohiko espazioak gainezka daudelarik, ez dute alternatiba nahikorik kalean disfrutatzeko", nabarmendu du.

EH Bildu Bilbok Udal Gobernuaren "gardentasun falta" kritikatu du "diru publikoarekin" inkestak egin dituelako "oposizioa informatu gabe”

| 2020-06-02 10:20:00

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, EAJ eta PSEren Udal Gobernuaren "gardentasun falta" kritikatu du; izan ere, Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan, "udal kudeaketari buruzko inkestak egin dituzte, diru publikoarekin, oposizioko alderdiei horren berri eman gabe, ezta horren edukiari ere ez"

"Udal Gobernuaren jarrera ez da ez gardena ez parte-hartzailea izan", adierazi du. "Ez da onargarria inkesta horiek egitea gainerako alderdiei horren berri eta edukien berri eman gabe", salatu du.

Hori horrela, Goirizelaiak esan duenez, Udal Gobernuari berriro ere azalpenak eskatuko dizkiote: "zergatik ez diguten inkesta honen berri eman, ezta haren edukiaren berri ere".

“EH Bilduren ekimenez, Udalak akordio oso garrantzitsua lortu du austeritate politikak bertan behera uzteko eta kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak defendatzeko, Bilboko herritar guztien mesedetan"

Bilboko Udalak birjarpen-tasa desagerrarazteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, horrek pribatizazioa saihestuko du eta zerbitzu publikoak indartzea ahalbidetuko du

| 2020-05-28 18:35:00

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, azpimarratu duenez,  gaurko osoko bilkuran, EH Bildu Bilboren ekimenez,  "aurreko krisian ezarritako austeritate politikak bertan behera uzteko eta kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak defendatzeko akordio oso garrantzitsua lortu da”, eta “hori Bilbotar guztientzat ona izango da, are gehiago bizi dugun egoeran".

Ildo horretan, azaldu duenez, “COVID19ak sortutako egoera baino lehen, gure hiriko beharrei aurre egiteko zerbitzu publikoak indartu behar baziren ere, pandemiaren ondorio sozioekonomiko larriek Bilbon behar sozialak eta egoera ahulean dauden pertsonak areagotu besterik ez dute egin”. “Beharrezkoa da erakundeok egoera horiei erantzuteko mekanismoak aktibatzea, eta hori da akordio honen helburua", esan du.

EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioan Bilboko Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen zion, hurrengo Aurrekontuen Legean, birjarpen-tasaren mugak desagerrarazteko, udalei aukera emanez gizarte-zerbitzuetan zerbitzu egokia emateko behar diren pertsonak kontratatzeko. Azkenik, EAJren zuzenketa onartu da, kontratazio hori herritarrei zerbitzuak egokiro emateko behar dituzten baliabideak kontratatzera zabaltzen zuena.

Goirizelaiak adierazi duenez, EH Bilduk bere mozioan gizarte zerbitzuetan jartzen zuen arreta, "arlo horretan izango den beharrizanen hazkundea kontuan hartuta; izan ere, krisi guztietan bezala, egoera ahulenean dauden pertsonak dira kaltetuenak". Hala ere, beste zerbitzu publiko batzuek ere indartzeko beharra izango dutela jakinik, zuzenketa onartu dute.

"Gure helburua pertsonak erdigunean jartzea da eta, horretarako, austeritate politika guztiak irauli behar dira. Helburu horrekin, EH Bilduren ekimenez, aurreko osoko bilkuran gastu-muga malgutzeko ekimen bat onartu genuen, eta, oraingoan, akordio bat lortu dugu Gobernuari eskatzeko birjarpen-tasa desagerraraz dezala”, azpimarratu du.

Goirizelaiaren hitzetan, birjarpen-tasa "neurri politiko bat da, zerbitzu publikoen kalitatea urratzea ekar dezakeena, baita zerbitzuari aurre egiteko enpresa pribatuen aukerak bultzatu ere, zerbitzua garestituz eta langileen lan-baldintzak debaluatuz, horrek zerbitzuaren kalitatean dituen ondorioekin".

Horregatik, bere ustez, "ezinbestekoa" da neurri hori indargabetzea, izan ere, "herritar guztiek kalitatezko zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea izango duten sistema publiko indartsu baten aurkakoa da".

EH Bilduk gatzaren matxinadan jazarritako herritarrak omendu ditu Bilbon

| 2020-05-24 12:52:00

EH Bilduk Gatzaren Matxinadan jazarritako bizkaitarrak gogoratu ditu gaur, lore eskaintza xume baten bidez. Omenaldira bertaratutakoek krabelin gorri bana jarri dute San Anton elizako oroitarriaren azpian, Bilboko Udaletxe zaharra zegoen lekuan.

1631 eta 1634 urte artean luzatu zen matxinada hura ez zen izan gatzaren inpostuaren igoeraren kontrako protestaldi soil bat, Espainiar Erresumaren asmo zentralisten kontrako eta Bizkaiko foruen aldeko altxamendu herritarra baizik.

Horregatik, EH Bilduk garai hartako krisialdi politiko, ekonomiko eta sozialaren eta gaur egungo egoeraren arteko zenbait lotura nabarmendu nahi izan ditu, besteak beste, krisi sanitarioaren eskutik datorren larrialdi sozioekonomikoak herritar askoren bizi baldintzak okertu baititu, eta horrek politika publikoetan norabide aldaketa ekarri behar duela defendatu du.

Gaurko omenaldia baliatuz, EH Bilduk bilbotar kolpatuenak gogoratu nahi izan ditu: lan gabeak, ofizioetako langileak, dendari txikiak eta tabernariak, zaintza lana egiten dutenak, gazte prekarioak eta pentsionistak. Adierazi dutenez, “euren etorkizuna defendatzeko modurik onena politika eta zerbitzu publikoak sendotzea da”, eta “interes zentralisten aurrean, EH Bilduk Bilboko eta Euskal Herriko herritar guztiak defendatuko ditu”.

Mila esker eta gero arte Aritz Aduriz lehoi handia!

| 2020-05-20 19:57:00

Pertsona apala zara Aritz, eta zure apaltasunean aparta ere bai. Izan ere, azken uneko gol batek beste balio du ibilbide osoan egindako lanak, eta zuk bietatik eman duzu, bai zelaian eta bai herrian. Zure baloreak bilbotarron eta euskal futbolzaleen oroimenean iltzatuta geratuko dira, betiko. Beti zaleenganako irribarre bat; beti euskal koloreen defentsan prest; beti euskara ahoan; beti eskuzabal; beti hamaikakoari iparra markatuz, jakina denez. Eta jakina da, hori ere bai, adina animo-egoera hutsa dela. Beraz, ez eskegi botak hain arin Aduriz. 2021ean Euskal Selekzioak nazioartean bere lekua izango duela ez izan dudarik gero! eta berriro jantzi beharko duzu kamiseta. Partidu bat irabazteko, hamaikakoak batera jo behar du eta, herri batek ere, burua altxatu nahi badu, batera jo behar du. Horregatik, krisi sanitarioak eta sozialak euskal herria nola astintzen duen ikusita, eredugarri zaizkigu zu bezalako pertsonak, Aritz, herri gisa eta eskuzabal jokatzen jakin behar dugula erakusten diguzu eta. Bilboko pertsonaia ilustreen harmailan leku bat irabazi duzu, meritu osoz. Mila esker eta laster arte Aduriz. 

Jone Goirizelaia, EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramalea.