Bilbo

EH BILDUk BBK Live jaialdiko langileek “esklabutza” baldintzak jasan dituztela salatu du eta Udalari eskatu dio neurriak har ditzan

Last Tour enpresa antolatzaileari kontratua luzatuko dion galdetu dio Jone Goirizelaiak Udalari, 1,4 milioi euroko laguntza zuzena eman ostean, bera baita ondorioen erantzulea

| 2019-07-24 15:39:00

EH BILDU Bilboko Udal Taldearen bozeramale Jone Goirizelaiak, BBK Live jaialdiko langileen lan baldintzak salatu ditu, “esklabutza egoeran lan egiten baitute eta gehienak gazteak dira”. Horregatik, Bilboko Udalari “neurriak jar ditzala” eskatu dio, “langileen lan baldintza duinak bermatzeko”. Izan ere, Udalak jaialdia kudeatzen duen Last Tour enpresari 1,4 milioi euroko laguntza zuzena ematen dio, aurrekontu osoaren %15a. “Diru asko da, Udalak bultzatutako jaialdia da, eta horregatik gure gazteak esklabo bihurtzea ezin dugu onartu”, adierazi du.

EH Bilduk joan den uztailaren 15ean BBK Live jaialdiari buruzko hainbat galdera aurkeztu zituen. Batetik Bilboko Udalak jaialdiari zuzendutako diru-laguntzari buruz eta, bestetik, enpresa antolatzaileen kontrolari buruz galdetu zuen. Gaur Xabier Otxandianok, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak, Bilbao BBK Live jaialdiari buruz hitz egiteko agerraldia egin du eta bertan eman ditu hainbat azalpen.

“Miseria”

EH Bilduko bozeramaleak salatu duenez, BBK Live jaialdiaren “atzean miseria larria dago”. Ildo horretan, Last Tour enpresak, “bere errentagarritasun ekonomikoa du helburu bakartzat, beste ezeren gainetik”, eta zerbitzuak emateko beste enpresak azpikontratatzen dituenean, “edo kanpotarrak dira edo ez dituzte baldintzarik oinarrizkoenak betetzen”. Hortaz, “eragiten duten inpaktu ekonomikoaren alde handi bat ez da hemen gelditzen” eta, gaineratu du, “ez da hemengo enpresen aldeko apusturik egiten”.

Goirizelaiaren esanetan, Last Tourrek azpikontratatuko enpresa batek “orduko bost euroko soldatak ordaintzen dizkie langileei, edo kasu batzuetan 3,5 eurokoak”; “atsedenik gabeko 12 orduko lanaldiak jartzen dizkiete”; “kasu batzuetan kontratu barik edo kontratu irregularrekin”. Gainera, “langile batzuei gezurra esateko eskatzen diete arduradunek, Lan Ikuskaritza agertzekotan”.

Goirizelaiaren ustez, “gertaerak larriak dira, are gehiago Bilboko Udalak sustatutako jaialdia den heinean”. Horregatik, Bilboko Udalari galdetu dio Last Tour enpresari kontratua luzatzeko asmorik duen eta, era berean, neurriak eskatu dizkio enpresa antolatzaileek lan baldintza duinak bermatzeko.

Bestalde, ingurumena zaintzeko neurriak jar daitezen ere eskatu du Jone Goirizelaiak, izan ere, “komun publikoak kudeatzen zituen enpresak, jakinaren gainean egonda, ur zikinak jaurti zituen Kadaguara iaz”, eta Otxandiano zinegotziari galdetu dio ea aurten ere gauza bera gertatu den.

EH Bilduren beste galdera bat gonbidapenei buruzkoa izan da. Otxandianori Udalak zenbat gonbidapen banatzen dituen galdetzean ez du erantzuten jakin. Goirizelaiak jakinarazi dio   “bertoko hainbat euskal komunikabideek ez dute gonbidapenik jasotzen eta ez dugu ulertzen zergatik”. Era berean, BBK Live-k euskal identitatea zaindu behar duela azpimarratu du, bisitariek non dauden ikas dezaten, “batzuetan ez dakitelako Bilbon edo beste leku batean dauden”.

Horrela, Udalak sustatutako jaialdi bat dela kontuan hartuta, Goirizelaiaren esanetan, garrantzitsua da “nazioarteko talde onak izatea, bai, baina baita ere Euskal Herriko musika taldeek lekua izatea;  gure identitatea indartuko duten irudi programa bat izatea eta bertoko enpresak kontratatzeko ahaleginak egitea”. Koste hain altua duen jaialdi batek beste hainbesteko onura ekarri behar dio Bilbori”, adierazi du Jone Goirizelaiak

EH Bildu Bilbok Udalari eskatu dio auzo-poliziaren eredua defendatzeko Udaltzaingoaren enplegu eskaintza publikoan

| 2019-07-23 14:45:00

Asier Gonzalezek, EH Bilduko Bilboko zinegotziak, Bilboko Udalari eskatu dio “auzo-poliziaren eredua defendatzeko Udaltzaingoaren enplegu eskaintza publikoa egiten duenean”. Ildo horretan, gogoratu duenez, “Euskal Herria Bilduk Bilboko Herritarren Segurtasunerako ituna sinatu zuen 2018an, oinarrian auzo-poliziaren eredua defendatzen duelako: herritarrengandik hurbila, auzoetan deszentralizatua eta prebentzioan trebatua, besteak beste”. “Uste dugu hiritarren eskubideak defendatuko duen eredu honen alde egin behar dela”, azpimarratu du.

EH Bilduko zinegotziak adierazpen horiek Amaia Arregik Herritarren Segurtasuneko Saileko zinegotziak egindako agerraldian egin ditu. Agerraldiaren helburua izan da Auzitegi Gorenaren epaia ikusita, bitartekotasun egoeran dauden udaltzainen egoeraz eta epai horrek segurtasunaren itunean duen eraginaz informazioa ematea.

Bertan, Gonzalezek kritikatu duenez, “egun daukagun eredua ez da herritarrengandik hurbila eta auzokoa”. Ildo horretan, hainbat gabezia aipatu ditu, besteak beste, “herritarrek ezin dutela ohiko salaketak egin hainbat komisaldegietan”.

EH Bilduren zinegotziaren ustez,  “kontua ez da zenbat udaltzaingo dauden, baizik eta ze paper izango duten hiritar guztien mesederako”. “Enplegu eskaintza publikoa aukera bat da auzo-poliziaren eredua edo, aldiz, errepresio eredua defendatzeko. EH Bildu Bilbok lan egingo du auzo-polizia ereduaren alde, beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatuz”, azpimarratu du.