Bilbo

EH BILDUk BBK Live jaialdiko langileek “esklabutza” baldintzak jasan dituztela salatu du eta Udalari eskatu dio neurriak har ditzan

Last Tour enpresa antolatzaileari kontratua luzatuko dion galdetu dio Jone Goirizelaiak Udalari, 1,4 milioi euroko laguntza zuzena eman ostean, bera baita ondorioen erantzulea

| 2019-07-24 15:39:00

EH BILDU Bilboko Udal Taldearen bozeramale Jone Goirizelaiak, BBK Live jaialdiko langileen lan baldintzak salatu ditu, “esklabutza egoeran lan egiten baitute eta gehienak gazteak dira”. Horregatik, Bilboko Udalari “neurriak jar ditzala” eskatu dio, “langileen lan baldintza duinak bermatzeko”. Izan ere, Udalak jaialdia kudeatzen duen Last Tour enpresari 1,4 milioi euroko laguntza zuzena ematen dio, aurrekontu osoaren %15a. “Diru asko da, Udalak bultzatutako jaialdia da, eta horregatik gure gazteak esklabo bihurtzea ezin dugu onartu”, adierazi du.

EH Bilduk joan den uztailaren 15ean BBK Live jaialdiari buruzko hainbat galdera aurkeztu zituen. Batetik Bilboko Udalak jaialdiari zuzendutako diru-laguntzari buruz eta, bestetik, enpresa antolatzaileen kontrolari buruz galdetu zuen. Gaur Xabier Otxandianok, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak, Bilbao BBK Live jaialdiari buruz hitz egiteko agerraldia egin du eta bertan eman ditu hainbat azalpen.

“Miseria”

EH Bilduko bozeramaleak salatu duenez, BBK Live jaialdiaren “atzean miseria larria dago”. Ildo horretan, Last Tour enpresak, “bere errentagarritasun ekonomikoa du helburu bakartzat, beste ezeren gainetik”, eta zerbitzuak emateko beste enpresak azpikontratatzen dituenean, “edo kanpotarrak dira edo ez dituzte baldintzarik oinarrizkoenak betetzen”. Hortaz, “eragiten duten inpaktu ekonomikoaren alde handi bat ez da hemen gelditzen” eta, gaineratu du, “ez da hemengo enpresen aldeko apusturik egiten”.

Goirizelaiaren esanetan, Last Tourrek azpikontratatuko enpresa batek “orduko bost euroko soldatak ordaintzen dizkie langileei, edo kasu batzuetan 3,5 eurokoak”; “atsedenik gabeko 12 orduko lanaldiak jartzen dizkiete”; “kasu batzuetan kontratu barik edo kontratu irregularrekin”. Gainera, “langile batzuei gezurra esateko eskatzen diete arduradunek, Lan Ikuskaritza agertzekotan”.

Goirizelaiaren ustez, “gertaerak larriak dira, are gehiago Bilboko Udalak sustatutako jaialdia den heinean”. Horregatik, Bilboko Udalari galdetu dio Last Tour enpresari kontratua luzatzeko asmorik duen eta, era berean, neurriak eskatu dizkio enpresa antolatzaileek lan baldintza duinak bermatzeko.

Bestalde, ingurumena zaintzeko neurriak jar daitezen ere eskatu du Jone Goirizelaiak, izan ere, “komun publikoak kudeatzen zituen enpresak, jakinaren gainean egonda, ur zikinak jaurti zituen Kadaguara iaz”, eta Otxandiano zinegotziari galdetu dio ea aurten ere gauza bera gertatu den.

EH Bilduren beste galdera bat gonbidapenei buruzkoa izan da. Otxandianori Udalak zenbat gonbidapen banatzen dituen galdetzean ez du erantzuten jakin. Goirizelaiak jakinarazi dio   “bertoko hainbat euskal komunikabideek ez dute gonbidapenik jasotzen eta ez dugu ulertzen zergatik”. Era berean, BBK Live-k euskal identitatea zaindu behar duela azpimarratu du, bisitariek non dauden ikas dezaten, “batzuetan ez dakitelako Bilbon edo beste leku batean dauden”.

Horrela, Udalak sustatutako jaialdi bat dela kontuan hartuta, Goirizelaiaren esanetan, garrantzitsua da “nazioarteko talde onak izatea, bai, baina baita ere Euskal Herriko musika taldeek lekua izatea;  gure identitatea indartuko duten irudi programa bat izatea eta bertoko enpresak kontratatzeko ahaleginak egitea”. Koste hain altua duen jaialdi batek beste hainbesteko onura ekarri behar dio Bilbori”, adierazi du Jone Goirizelaiak

EH Bildu Bilbok Udalari eskatu dio auzo-poliziaren eredua defendatzeko Udaltzaingoaren enplegu eskaintza publikoan

| 2019-07-23 14:45:00

Asier Gonzalezek, EH Bilduko Bilboko zinegotziak, Bilboko Udalari eskatu dio “auzo-poliziaren eredua defendatzeko Udaltzaingoaren enplegu eskaintza publikoa egiten duenean”. Ildo horretan, gogoratu duenez, “Euskal Herria Bilduk Bilboko Herritarren Segurtasunerako ituna sinatu zuen 2018an, oinarrian auzo-poliziaren eredua defendatzen duelako: herritarrengandik hurbila, auzoetan deszentralizatua eta prebentzioan trebatua, besteak beste”. “Uste dugu hiritarren eskubideak defendatuko duen eredu honen alde egin behar dela”, azpimarratu du.

EH Bilduko zinegotziak adierazpen horiek Amaia Arregik Herritarren Segurtasuneko Saileko zinegotziak egindako agerraldian egin ditu. Agerraldiaren helburua izan da Auzitegi Gorenaren epaia ikusita, bitartekotasun egoeran dauden udaltzainen egoeraz eta epai horrek segurtasunaren itunean duen eraginaz informazioa ematea.

Bertan, Gonzalezek kritikatu duenez, “egun daukagun eredua ez da herritarrengandik hurbila eta auzokoa”. Ildo horretan, hainbat gabezia aipatu ditu, besteak beste, “herritarrek ezin dutela ohiko salaketak egin hainbat komisaldegietan”.

EH Bilduren zinegotziaren ustez,  “kontua ez da zenbat udaltzaingo dauden, baizik eta ze paper izango duten hiritar guztien mesederako”. “Enplegu eskaintza publikoa aukera bat da auzo-poliziaren eredua edo, aldiz, errepresio eredua defendatzeko. EH Bildu Bilbok lan egingo du auzo-polizia ereduaren alde, beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatuz”, azpimarratu du.

EH Bildu Bilboren ustez, ondo dago udal kiroldegi berriak irekitzea, baina ezinbestekoa da Bilbao Kirolak-eko lan gatazkari irtenbidea ematea

| 2019-07-19 14:30:00

~~EH Bildu Bilbok “begi onez” ikusten du udal kiroldegi berriak irekitzea Bilboko auzoetan, baina Jone Goirizelaiaren, EH Bilduko Bilboko udal taldearen bozeramalearen esanetan, kiroldegi horiek herritarrei zerbitzu ona eskaini ahal izateko “ezinbestekoa” da langileek “lan baldintza duinak” izatea.
Ildo horretan, Jone Goirizelaiak; Bilboko alkate Juan Mari Aburtori eskatu dio Bilbao Kirolak-en “egun dagoen lan gatazkari lehenbailehen irtenbidea emateko”. “Zerbitzu publikoak diren heinean, Udalaren eskumena dira langileen lan baldintzak, eta Aburtok ezin du ez-ikusiarena egin eta arazoa azpikontrataren ardurapean utzi”.
Goirizelaiak adierazpen hauek egin ditu gaur San Mameseko udal kiroldegiaren inaugurazioan. Jone Goirizelaiak eta Asier Gonzalezek, EH Bilduko Bilboko zinegotziek, inaugurazioan parte hartu dute eta, era berean, Bilbao Kirolak-eko langileekin egon dira euren aldarrikapenekin bat egiteko,  bertan kontzentrazioa egin baitute.
Bilbao Kirolak-eko langileak maiatzetik grebak egiten ari dira dagozkien eskubideak aldarrikatzeko. Gaur lanuzte partzialak egiten ari dira eta uztailaren 23an, asteartean, egun guztiko greba egingo dute.
Horren ondorioz, Goirizelaiak adierazi duenez, “herritarrek lanuzteetan ezin dituzte udal igerilekuak erabili, gainera udan, bilbotar askok kanpoko igerilekuekin gozatzen duten garaian”. Horrez gain, gaineratu duenez, “lanuzteetan gimnasioak begirale barik gelditzen dira eta horren ondorioa erabiltzaileen segurtasun falta da”.
Hortaz,  Goirizelaiak Aburtori Bilbao Kirolak-eko lan gatazkari “ahalik eta arinen irtenbidea emateko eta langileen lan baldintza duinak bermatzeko” eskatu dio, “alkatearen ardura eta erantzukizuna delako”. “Udal kiroldegien aldeko apustu argia egiten dugu, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta horretarako ezinbestekoa da langileek lan baldintza onak izatea”, azpimarratu du.

EH Bilduk ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ izateko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du eta jai parekideak bermatzeko hainbat neurri proposatu ditu

| 2019-07-18 13:15:00

~~Euskal Herrian jaietan murgilduta gaude eta, horrela izanik, ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ kanpaina abiarazi du EH Bilduk.  Kanpainaren helburua da herritar oro konturatzea emakumeek eta gizonek ez dutela askatasun eta behar berdinekin jokatzen jaietan eta jai eremuetan eta egiazko jai parekideak eraikitzea.
Kanpaina horren aurkezpena egin dute gaur prentsaurrekoan Jasone Agirrek, EH Bilduko legebiltzarkideak; Jone Goirizelaiak, Bilboko udaleko EH Bilduko bozeramaleak; Bea Ilardiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaleak; eta  Idurre Bidegurenek, EH Bilduko senatariak.
Bea Ilardiak gogoratu duenez, “zoritxarrez, azken asteetan hainbat eraso sexual pairatu izan dituzte Euskal Herriko hainbat emakumek herri eta hiri ezberdinetan: Barakaldo, Bilbo, Beasain, Santurtzi, Hernani, Iruña…”. “Argi dago datuak ez direla onak, Euskal Autonomi Erkidegoan udako 3 hilabeteetan iaz 174 salaketa tarteratu ziren eta salatzen direnak eragiten dituzten erasoen gutxiengoa dela kontutan hartzen badugu, datuak jasanezinak dira”, adierazi du.
Ildo horretan, azaldu dutenez,  “jai eremuak eta jai giroak aproposak dira sexu erasoak emateko” eta “horren guztiaren inguruan kontzientzia hartzea eta egiazko jai parekideak eraikitzea ezinbestekoa da, emakumeen eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako edozein eraso saihesteko helburuarekin”. 
Protokoloa
Horrela, hainbat neurri proposatu dituzte EH Bilduko ordezkariek. Horien artean, Goirizelaiak adierazi duenez, herri eta hiri guztiek izan behar dute emakume elkarte eta mugimendu feministako kide eta berdintasun teknikariekin batera koordinatutako jaietarako indarkeria matxista protokoloa. Gainera, bere esanetan, protokolo horretan garrantzitsua da, besteak beste, txosna eta gazte mugimendua atxikitzea.
Jaien aurretik autodefentsa feminista ikastaroak antolatzea, eraso sexistei buruzko kontzientziazio kanpainak martxan jartzea eta jaietako egitarauaren eta ekintzen inguruko erabaki espazio guztietan parekidetasuna bilatzea dira EH Bilduko ordezkariek proposatutako beste neurri batzuk.
Era berean, Goirizelaiaren esanetan, jaietan eta espazio ludikoetan  sortzen diren jardun, portaera, bizitzeko modu desberdinak, rolak… identifikatzea eta parekidetasuna lantzeko tailerrak zein espazioak aktibatzea ere “garrantzitsua” da.
Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaleak nabarmendu duenez, jaietako ekintzak nori zuzenduta dauden, zenbateko aurrekontua duten eta nortzuk parte hartuko duten hausnartzea beharrezkoa da eta, behar izanez gero, orekatzeko irizpideak ezartzea: emakume elkarteak eta talde feministak zuzenean gonbidatu, bilera orduak eta egunak zaindu, informazioa partekatu, jardueren formatua emakumeentzat erakargarria egin, ikusarazi eta lehenetsi emakumezkoak protagonista diren jarduerak (kultura, kirol jarduerak), epaimahai parekideak sortzen saiatu, balioa eta aitortza soziala eman gehienetan emakumeek egiten dituzten eta bigarren mailakotzat hartzen diren lanei...
Ildo horretan, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da jai egitarauetan eta komunikazioko materialetan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta  gizonen eta emakumeen aniztasuna (adina, jatorria, sexu orientazioa, genero adierazpena...) ikusaraztea.
Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar diren moduan, askatasun afektibo-sexualaren kontrako indarkeriari ere aurre egin behar diogula, LGTBIQ koleltiboekin elkarlanean, nabarmendu du Goirizelaiak, izan ere, “sistema heteropatriarkalean oinarrituta dauden indarkeriak dira biak”.
EH Bilduko ordezkariak gogoratu dutenez, “jaietan eta horien inguruan sortzen diren egoera desberdinak, bai eta bertan ageri diren elementuak aitzakiatzat hartzen dira naturalizatzeko gertatzen diren hamaika eraso sexista eta sexual”.
Testuinguru orokor honetan, EH Bilduko emakumeen ustez, jaiak dira “unerik aproposena eremu hurbilean nahi dugun eredua eraikitzeko: herrikoia, parte hartzailea, berdinzalea, librea, segurua....”. “Bide hori lantzeko azterketa kritiko bat egin behar dugu; eta horrela aipatutako neurriak proposatu ditugu”, nabarmendu dute.

EH Bilduk Bilboko Udalari eskatu dio ez erantzuteko Gotzaindegiak Begoñako Andra Mari irakaskuntza eskola eraisteko egindako eskaerari , Eusko Jaurlaritzaren erantzuna izan arte

| 2019-07-12 14:07:00

Bilboko EH Bilduko udal taldeak Asier Abaunzari, Bilboko Obretako eta Hiri Plangintzako zinegotziari, eskatu dio ez erantzuteko Gotzaindegiak Begoñako Andra Mari irakaskuntza eskola eta horren patioa eraisteko egin duen eskaerari, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna jaso arte; izan ere, ‘Por un Abando Habitable y Saludabe’ auzo elkarteak irakaskuntza eskola eta horren patioa Ondare Kulturala izendatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari.

Abaunzak gaur agerraldia izan du Bilboko Udalean, Cervantes ikastetxe publikoko ordezkaritza taldeen arteko gatazkaren berri emateko Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate eskolan aurreikusi den proiektua dela eta.  Bertan, Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak eraikin horri buruz erantzun bat ematen ez duen bitartean, “horren eraispena ez litzateke baimendu behar”, izan ere, “gero ezin da egin ezer eta damutu gaitezke”.

Era berean, Abaunzari eskatu dio gai hau barrutiko kontseilura eramateko, gai honek eragina baitu “eskolan, ikasleengan, gurasoengan, baina baita ere auzo guztian, bizilagunengan eta euren beharrizanetan”.

Trukatze edo desjabetze aukerei dagokienez, Goirizelaiak Obretako eta Hiri Plangintzako zinegotziari gogoratu dio “bilbotar guztien diruaz hitz egiten ari galara eta baita ere toki horretako bizilagunen diruaz eta ez Bilboko Udalaren diruaz”. Horregatik, bere esanetan, “dirua ez da eralgi behar”, baina, “bizilagunek zerbait proposatzen dutenean, beharrezkoa da aztertzea eta birplanteatzea” erabaki egokiak hartzeko helburuarekin.