AKTUALITATEA


| 2020-05-20 19:57:00

Pertsona apala zara Aritz, eta zure apaltasunean aparta ere bai. Izan ere, azken uneko gol batek beste balio du ibilbide osoan egindako lanak, eta zuk bietatik eman duzu, bai zelaian eta bai herrian. Zure baloreak bilbotarron eta euskal futbolzaleen oroimenean iltzatuta geratuko dira, betiko. Beti zaleenganako irribarre bat; beti euskal koloreen defentsan prest; beti euskara ahoan; beti eskuzabal; beti hamaikakoari iparra markatuz, jakina denez. Eta jakina da, hori ere bai, adina animo-egoera hutsa dela. Beraz, ez eskegi botak hain arin Aduriz. 2021ean Euskal Selekzioak nazioartean bere lekua izango duela ez izan dudarik gero! eta berriro jantzi beharko duzu kamiseta. Partidu bat irabazteko, hamaikakoak batera jo behar du eta, herri batek ere, burua altxatu nahi badu, batera jo behar du. Horregatik, krisi sanitarioak eta sozialak euskal herria nola astintzen duen ikusita, eredugarri zaizkigu zu bezalako pertsonak, Aritz, herri gisa eta eskuzabal jokatzen jakin behar dugula erakusten diguzu eta. Bilboko pertsonaia ilustreen harmailan leku bat irabazi duzu, meritu osoz. Mila esker eta laster arte Aduriz. 

Jone Goirizelaia, EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramalea.