AKTUALITATEA


| 2026-11-24 12:04:00

Udal gobernuak negoziaziorako "ateak itxi" dituen arren, Bilboko 2027ko aurrekontua negoziatzeko prestutasuna agertu du EH Bilduk, hainbat ardatz oinarri hartuta, hala nola etxebizitza, zaintza eta nortasun propioa duen hiria, pertsonen egunerokotasuna hobetzera bideratutako proposamenen bidez. Horrela adierazi dute Maria Del Riok eta Karlos Renedok, EH Bildu udal taldeko bozeramaile eta zinegotziak, hurrenez hurren, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. 

Del Riok gogorarazi duenez, EH Bilduk udal aurrekontuak negoziatzeko asmoa azaldu zuen, lehenik eta behin, "sakontze demokratikoagatik", izan ere, "hamar urtetan EAJk eta PSEk ez baitute akordiorik lortu aurrekontuen alorrean". Bigarrenik, "Bilbo hobea lortzeko eta bilbotarren bizitzan eragin positiboa izango duten proposamen zehatzak ditugulako", gaineratu du. 

EH Bildu udal taldearen bozeramailearen esanetan, "Juan Mari Aburto alkateak aurrekontuak negoziatzeko azken aukera zuen", baina, "berriz ere, gehiengoaren ohiko dinamikaz baliatzea nahiago izan du". Horren ildotik, "beste behin ere" negoziazio prozesu bat martxan jartzeko aukera ukatu diela azaldu du, eta hala jakinarazi diela. 

Beste erakunde batzuetan, esan duenez, "emaitzak alde batera utzita, aurrekontuen zirriborroak aurkezten zaizkie taldeei, negoziazio erronda bat egiten da...". "Bilbon ez da horrelakorik gertatzen, eta badirudi aurten ere ez dela gertatuko, EH Bildu saiatu den arren", esan du. "Hori gobernatzeko modu baten adierazgarri da, non elkarrizketarako borondatea eskasa den", nabarmendu du. 

"Gobernu hermetikoa, gizarte gisa dugun konplexutasunari eta erronkei begira gobernatzen ez duena, bere barne orekei begira baizik. XXI. mendean, gaur egun, gobernatzeko beste modu bat merezi dugu, Bilbok gobernantza kooperatiboko eredu bat merezi du", azpimarratu du. 

Del Riok adierazi duenez, "guztiok aurreikusten dugu gehiengoak desberdinak izango direla hilabete batzuk barru". Horregatik, bere esanetan, "akordioak lortzeko erantzukizuna dugu, ez gauza guztietan, baina bai herritar guztiei egonkortasuna eta ziurtasuna ematen dieten gai estrategikoetan". 

"EH Bilduk esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esaten dugu. Eta EAJri hainbat proiektu aurkeztu dizkiogu, ez konfrontatzeko, baizik eta, indar korrelazioa kontuan hartuta, etxebizitza, zaintza, kultura edo euskara bezalako gaietan ekarpenak egiteko", adierazi du. 

Izen-abizenekin etxebizitza-politika 

Horren harira, Renedok EH Bilduk egindako proposamenak zehaztu ditu, etxebizitza ardatz nagusietakoa dutenak. Bere esanetan, etxebizitza-politikek "lo egiteko toki batetik harago, zaintzan eta integrazioan ere eragina izan behar dute eta bizi-proiektuak eman daitezkeela ziurtatu behar dute". "Izen-abizenekin egindako etxebizitza-politika bat, alegia", nabarmendu du. 

Ildo horretan, lau proposamen zehaztu ditu. Lehenengoaren bidez, hutsik dauden etxebizitzak erosteko udal funts bat sortzea eta gazteei zuzentzea proposatzen du EH Bilduk. Bigarrenaren bitartez, larrialdiko zuzkidura-bizitokiak planteatzen du, bazterkeria larriko egoerei aldi baterako erantzuna emango dietenak eta baita etxegabetzeei ere. 

Hirugarren proposamena etxebizitzaren krisiak gehien zigortutako kolektiboetako bati zuzenduta dago, horrela, guraso bakarreko familientzako zuzkidura-bizitokiak proposatzen ditu EH Bilduk. Laugarrenaren bitartez, adinekoentzako etxebizitza komunitarioak eskatu ditu, autonomia denbora gehiagoz mantentzeko eta nahi ez den bakardadea saihesteko. 

Zainketen arloan, Renedok "funtsezkotzat" jo du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzua langile gehiagorekin indartzea, "gaur egun gainezka baitago". 

Zaintzen gaituztenak zaintzeko helburuarekin, EH Bilduk Etxeko Arreta Zerbitzuko zaintzaileentzako atseden ordu gehiago proposatu ditu, baita zaintzan aritzen diren pertsonei laguntzeko programak ere. 

Bilboren nortasun propioari dagokionez, Renedok hiru ardatz azpimarratu ditu: euskarazko programaziorako laguntzak, areto txikietarako laguntzak eta bonu kultural gaztea. 

Bestalde, hiria berdatzeko, mugikortasuna hobetzeko edo Errekalde eta San Inazioko modulu psiko-sozialei laguntzeko neurriak mahaigaineratu dituzte. 

Labayruko merkatuaren itxiera gogoratu ostean, EH Bilduk udal merkatuetarako egin dituen proposamenen berri eman du. Alde batetik, merkatuan jantoki komunitarioko espazio bat sortzeko proiektu bat, eta, bestetik, berrikuntzako prestakuntza-proiektu bat, merkatuko postuetan bertan garatuko dena (harategiak, arrandegiak, lantegiak...), eremu horietan profesional berriak lortzeko. 

Renedok azpimarratu duenez, proposamen horiekin, azken finean, EH Bilduk "kalitatez bizi ahal izango den hiri bat lortu nahi du; bizilagunak zainduko dituen hiri bat eraiki nahi du; eta bermatu nahi du Bilbok nortasun propioa, kultura bizia eta euskara sustatzen jarraituko duela".