AKTUALITATEA


| 2025-02-27 10:01:00

EH Bilduren ekimenez, udal gobernuak Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) prebentziorako neurriak hartzeko konpromisoa hartu du. Horrela, Bilboko Udalak STIak prebenitzeko kanpaina espezifiko bat egingo du Aste Nagusian eta hezkuntza afektibo-sexuala eskaintzen jarraituko da hezkuntza-ziklo guztietan, adinari egokitutako metodologia erabiliz.  

Era berean, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailari eskatuko dio, Bizkaiko erreferentzia-zentroan (Bombero Etxaniz) STIn kontsulta espezifikoen tentsioa murrizteko, egoeraren azterketa egin dezala, dagoen eskariari erantzun egokia emateko beharrezkoak diren baliabideak bideratzeko eta, horrela, diagnostiko goiztiarra eta diagnostiko osteko prozesuan eman beharreko erantzun egokia indartzeko. 

Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortu da, alderdi subiranistak egindako proposamen baten ondorioz. Garazi Pereak EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, akordio "garrantzitsua" da, prebentzioan eragiten baitu, eta hori "funtsezkoa" da azken urteetan sexu-transmisiozko infekzioak (STI) hazten ari direla kontuan hartuta. 

"Hego Euskal Herrian intzidentzia handieneko bi STIek gora egin dute. 2012tik 2022ra, 15-29 urte bitarteko gazteen artean diagnostikatutako infekzio gonokozikoa, sifilia eta/edo chlamydia kasu berrien kopurua 362tik 2.089ra igo da", adierazi du Pereak. Azaldu duenez, "kontsulta kopuruak gora egin duten heinean, neurri batean logikoa da hazkundea, hala ere, 2021eko eta 2022ko zifrei erreparatuta, igoera nabarmena izan da". 

Perearen ustez, "alarma sozialik sortu behar ez den arren, datuek agerian uzten dute prebentzio-neurriak hartu behar direla". Hori dela eta, EH Bilduk ekimena aurkeztu dio Osoko Bilkurari, prebentzioa hainbat arlotatik jorratzeko. 

Horietako bat hezkuntzaren esparrua da; izan ere, Pereak azaldu duenez, "sistematikoki frogatu da kalitatezko sexu-hezkuntza batek osasun-emaitza positiboak ematen dituela bizitza osoan zehar". "Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, litekeena da gazteek, sexu-harremanak dituztenean, modu seguruagoan izatea, beren sexualitateari, sexu-osasunari eta eskubideei buruz hobeto informatuta badaude", adierazi du. 

Jai-guneetan STIak prebenitzeko kanpaina espezifikoak egiteari dagokionez, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "kontzientziazioak etengabea izan behar du mota desberdinetako kanpainen bidez, eta kontuan hartuta gure hirian pertsona asko mugitzen dituzten ekitaldiak daudela, egokia iruditzen zitzaigun testuinguru horretan egitea proposatzea". Lortutako akordioari esker, kanpaina horiek Aste Nagusian egingo dira. 

Azkenik, Bombero Etxaniz zentroko zerbitzuaren erabiltzaileek zein langileek, zentroak jasaten duen tentsio-egoeraren berri eman dietela azaldu du Garazi Pereak; izan ere, diagnostikorako ez ezik, infekzioen diagnostiko osteko eta jarraipenerako ere baliabide gehiago behar ditu zentroak. Horregatik, "oso positibotzat" jo du Osasun Sailari egoeraren azterketa bat egiteko eskatzea, erantzun egokia eman ahal izateko behar diren baliabideak bideratzeko, kontuan hartuta Bizkaian sexu-transmisiozko infekzioen erreferentziazko zentroa dela,  EAEn kasu gehien artatzen dituena, alegia. 

“Neurriak hartu behar dira hori osasun publikoko arazo bihurtu aurretik. Erantzukizunetik, estigmatizaziorik eta errurik gabe ", esan du