AKTUALITATEA


| 2024-06-27 14:01:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak hondartza berdeak kokatzeko hainbat aukera aztertuko ditu hiriko ahalik eta barruti gehienetara iristeko. Era berean, espazio hauek 2025eko udan martxan jartzeko konpromisoa hartu du. Gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko zuzenketa onartu ostean lortu dute akordioa, alderdi soberanistak egindako proposamen baten ondorioz. 

Garazi Perea EH Bilduko zinegotzia pozik agertu da lortutako akordioarekin, izan ere, "hiri bizigarriagoa lortzen lagunduko du, bilbotarrek etxetik gertu espazio hauetaz gozatzeko aukera izan dezaten". Pereak gogorarazi du 2020ko ekainean, EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak lau hondartza berde egokitu zituela Bilbon, Arraiz mendiaren hegalean, Iturrigorri-Peñascalen, Etxebarria parkean eta Ibaiederren, Abusun. 

Gaineratu duenez, espazio horiek COVIDaren testuinguruan egokitu baziren ere, denborak erakutsi du "oso harrera ona" izan dutela, aisialdi osasungarriko alternatiba bat eskaini baitiete herritar guztiei eta familiei oro har, haurrei eta adinekoei bereziki. Hori dela eta, EH Bilduk barruti guztietara zabaltzeko eskatu du. 

Pereak adierazi duenez, "krisi klimatikoak hiria eta gure beharrak birpentsatzera behartzen gaitu" eta "aldaketak beharrezkoak dira baldintza klimatiko berrietara egokitzeko eta gure bizi-kalitatea ahal den neurrian hobetzeko". "Klima-aldaketaren erronkei aurre egin ahal izango dien eta hiri-garapen orekatuagoa eta jasangarriagoa sustatuko duen Bilbo sortzen joan behar dugu", gaineratu du. 

Ildo horretan, hondartza berdeak "norabide horretako tresna" direla uste du, eta gaineratu du espazio horiek sortzea, itzal eta ur eremuekin, "ingurumenarentzat beharrezkoa izateaz gain, herritarren eskaria ere badela, ingurune bizigarriagoa eta iraunkorragoa bilatzen duena". "Hirian bizi garenok kalitatezko espazio publikoak nahi ditugu, zabalak, jasangarriak, etxetik gertu daudenak, eta, beraz, gaur lortutako akordioa albiste ona da, bilbotar guztien ongizaterako eta Bilbo iraunkorrago baterako urratsak emateko lagungarria delako", amaitu du.