AKTUALITATEA


| 2022-01-03 14:08:00

Udal Gobernuak Atxuriko kantxak gauez itxi izana salatu du gaur EH Bildu Bilbok, bertan gaua pasatzen duten eta Atxuri Harrera Sarearen bidez bizilagunen laguntza eta elkartasuna jasotzen duten etxerik gabeko pertsonei alternatibarik eskaini gabe. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, neurri “bidegabe” eta “anker” hori,  atzo etxerik gabeko emakume bat Bilbon hil ondoren hartu du gaur Udal Gobernuak.

Ildo horretan, Fatuartek iragarri du bere alderdiak azalpenak eskatuko dizkiola Udal Gobernuari, Amaia Arregi Segurtasun zinegotziari eta Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziari.

EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, abenduan zehar alderdi soberanistak kezka azaldu du eta alternatibak eskatu dizkio Udal Gobernuari Atxuriko kantxetan lo egiten duten etxerik gabeko pertsonentzat.

"Udal Gobernuaren erantzuna beti negatiboa izan da, neguan gaudenean alternatibak eskaini beharrean kantxak gauez itxi ditu, bertan lo egiten duten pertsonei espazio hori eta bizilagunen laguntza ukatuz", kritikatu du.

Fatuartek adierazi du atzo bertan etxerik gabeko emakume bat hil zela Bilboko kaleetan,  “kaleak hil egiten duela agerian utziz”. “Bitartean, Udal Gobernuak, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko ereduari buruz hausnartu eta erantzun estrukturalak eskaini beharrean, gaua igarotzeko eta laguntza jasotzeko espazioak ixten ditu, inolako alternatibarik eskaini gabe. Hori al da EAJ-PSEk defendatzen duen hiri eredua? Garai honetan, elkartasun-mezuz betetzen zaie ahoa, eta, gero, argi dago mezu horiek ez dituztela praktikan jartzen", azpimarratu du.