EH Bilduren udal taldeak urriko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu du, hiriko bidegorrien egoera hobetzeko ahaleginak indartuz mugikortasun iraunkorrerantz pausoak ematea eskatzen du. Ildo horretan, mozioaren bidez, honakoak eskatzen ditu: Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria konpontzeko, Gehry zubiaren eta Elorrietaren arteko bizikleta-irtenbide bereizi eta segurua emateko eta Bilboko bidegorrien egoeraren diagnostiko globala egiteko.
Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du Bilboko udalbatzak behin baino gehiagotan bat egin duela mugikortasun eta iraunkortasun helburuekin, baina, adierazi duenez, helburu horiek betetzeko, “beharrezkoa dela hitzetatik ekintzetara pasatzea" eta "bizikletaren erabilera sustatzeko azpiegituren egoera optimoa bermatzea eta hobetzea".
Ildo horretan, Fernandezek gogorarazi du 2022ko azaroko osoko bilkuran onartu zela Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria konpontzea, Zirgeren kaiaren titulartasuna eskuratu ondoren. Udalak 2023ko otsailean jaso zuen lursail horien jabetza, "baina gaur egun oraindik bidegorri hori konpondu gabe dago", eta, beraz, "beharrezkotzat jotzen dugu obra horiek ahalik eta lasterren hastea".
Bestalde, adierazi duenez, BizizBizi, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta San Inazio HLHIko Gurasoen Elkartea aspalditik ari dira Gehry zubiaren eta Elorrietaren arteko bizikleta-irtenbide bereizi eta seguru bat eskatzen; izan ere, beharrezkoa da eremu horretan azpiegitura egoki bat prestatzea, oinezkoekin elkarbizitza bermatuz, hirian bizikletaren erabilera bultzatzen lagunduko lukeena, zalantzarik gabe.
Azkenik, EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du Bilboko Udalbatzak ere onartu zuela 2023-2030erako Bizikleta Plan Estrategikoa diseinatzea. Helburu hori lortzeko, esan duenez, "ezinbestekoa da zaharkituta geratu den araudia lehenbailehen eguneratzea". "Horretarako, 2024ko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen bidegorrien egoeraren diagnostiko globala egitea eskatzen dugu, modu irekian eta parte-hartzailean", nabarmendu du.
Bere ustez, "beharrezkoa" da akordio bat lortzea Bilbon "mugikortasun iraunkorraren aldeko urratsak eman ditzagun, gure hirian bizikletaren erabilera sustatuz".