EH Bilduren ekimenez, Udal Gobernuak Bilbon hutsik dauden etxebizitzei buruzko neurriak hartuko ditu, bere funtzio soziala beteko dutela ziurtatzeko. Ekimen hau EH Bilduk eta gobernu taldeak aurkeztutako zuzenketa baten bidez onartu da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.
Horrela, Bilboko Udalak bere gain hartuko ditu Etxebizitza Legeak esleitzen dizkion eginkizunak, eta jenderik gabeko etxebizitzen espedienteak izapidetzen eta dagokion kanona aplikatzen hasiko da, aldez aurretik pertsona edo erakunde bakoitzari bere higiezinaren egoeraren eta dituen aukeren berri emanez.
Era berean, Bilbon dauden "etxebizitza-eskari eta -premia egiaztatuko eremuak" deklaratu ahal izateko behar den informazioa bilduko du, hori beharrezko baldintza baita ondoren nahitaezko alokairua edo desjabetzea bezalako neurriak hartu ahal izateko, berriki argitaratu den 149/2021 Dekretuan jasotzen den bezala.
Horretarako, Udal Gobernuak konpromisoa hartzen du, halaber, udal-egituran zeregin horiek betetzeko baliabide guztiak esleitzeko, materialak zein giza baliabideak. Alba Fatuarte EH Bilduko Zinegotzia pozik agertu da akordio honekin eta orain Udalak “lan handia duela egiteko” gaineratu du, izan ere, bere esanetan, “etxebizitza hutsaren gaineko neurriak hartzea ezinbestekoa da Bilbon daukagun etxebizitza arazo larriari aurre egiteko”.
Ildo horretan, gogoratu duenez, Bilbon 10.000 pertsona inguruk, horien herenak 35 urtetik beherakoak, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskatzen dute, Udal Etxebizitzek argitaratutako azken memoriak jasotzen duen bezala. Bitartean, Bilbon 8.000 etxebizitza huts daude. Fatuartek azaldu duenez, EH Bilduren lehentasunetako bat etxebizitza huts horien gainean jardutea izan da, eta horrela gogorarazi du Bilboko Udalak etxebizitza hutsei buruz egin zuen lehen ikerketa alderdi soberanistak eskatuta egin zuela.
"Argi dago Udalak erronka handi bati aurre egin behar diola, baina helburuak merezi du: milaka etxebizitzari erabilera soziala ematea eta Bilbon etxebizitzaren inguruan dugun arazo larriari aurre egitea, arazo horrek gazteenei zuzenean eragiten baitie, baita ere emakumeei eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenei", gaineratu du.