AKTUALITATEA


| 2026-02-17 10:23:00

EH Bildu udal taldeak 2027.urterako 0-3 urte bitarteko haurrei eta euren familiei bideratutako espazioak barruti guztietara zabaltzea eskatu du. Horretarako, otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du.

Nerea Undabarrenak zinegotziak azaldu duenez, 2024. urteko abenduan, EH Bilduren ekimenez, Esperantzako frontoian 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei bideratutako espazio bat egokitu zen. Espazio horietan, azaldu duenez, familiek 0 eta 3 urte bitarteko umeekin denbora, jolasa eta sozializazio eremuak partekatzen dituzte, profesionalek dinamizatuta, eta hainbat ekintza ezberdinen bidez: musikoterapia, ipuin kontalaria, gorputzarekin margoztu, tailer sentsorialak…

Urte bete baino gehiago pasa denean la Esperantzako espazioak izandako "arrakasta" aipatu du Undabarrenak. "Horren adibidea da antolatutako tailer eta ekimen guztietan plaza kopurua bete dela da", azaldu du.

Horrela, beste bi espazio egokitu direla zehaztu du, bat Miribillan eta beste bat Castañosen, alegia. "Guretzat albiste ona da, 2024an gure mozioa aurkezterakoan, EH Bilduk la Esperantzako espazio hau Bilbo guztira hedatzeko eskatzen baikenuen", gaineratu du.

Zerbitzuaren balorazioa eta hedapena ikusita, baita ere erabiltzaile zein profesionalen aldetik izandako harrera ezin hobea, 2027. urterako 0-3 urte bitarteko haurrei eta euren familiei bideratutako espazio hauek barruti guztietara zabaltzea eskatzen du EH Bilduk, Undabarrenaren esanetan, "uriko familia guztiek zerbitzu hau eskuragarri izateko".