AKTUALITATEA


| 2026-01-29 11:53:00

Bilbon oro har euskaraz kultura bultzatzen eta sustatzen duten espazio zein zentroen mapa sortuko da EH Bildu udal taldearen ekimenez. Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistak egindako proposamen baten ondorioz.

Nerea Undabarrena zinegotziak azaldu duenez, "Bilbon euskaraz programatzen duten kultura sorkuntza espazio eta zentro ugari ditugu, eta horiek bultzatzea beharrezkoa deritzogu". Hori lortzeko lehenengo pauso gisa mapa egitea tresna egokia dela adierazi du eta horregatik adostu dutela zuzenketa.

Hala ere, bere esanetan, "haratago joan behar garela argi daukagu, euskal arnasguneak saretu behar ditugu, horien eskaintza iragarri, eta udal programazioan planifikaziorako tresna moduan erabili".

Ildo horretan, euskaraz ekoizten duten espazio guztiak iragartzeko estrategia integral bat planifikatzearen beharra azpimarratu du Undabarrenak, hirian euskal arnasguneak identifikatu ahal izateko, euskaraz egiten diren jardueren programazioaren berri izateko eta, ondorioz, parte-hartzea bultzatzeko.

Hortaz, nahiz eta akordioan jasotako mapeoa balioan jarri, udal gobernuak beste puntuak adosteko gaitasunik agertu ez izana deitoratu du Undabarrenak. "Edozein kasutan, EH Bildu euskal kultura Bilbo osoan irisgarria bilakatzeko lan egiten jarraituko duela" ziurtatu du.