EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Udal Gobernuari eskatuz etxebizitzen "jabe handi" gisa defini dezala Bilboko udalerrian bizitegi-erabilerako bost etxebizitza edo gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa. Proposamen hori urtarrileko Osoko Bilkuran onartuz gero, hiriko ia 3.000 etxebizitzari eragingo lieke, guztizkoaren % 2, alegia. Etxebizitza horiek araututako alokairuaren prezioa izango lukete legez, prezioen indizearen arabera.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du urriaren 29an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zenean, Bilbo bizitegi-merkatu tentsionatu izendatu zela ofizialki. Adierazpen horrekin batera, esan duenez, egungo udal-gobernuak "jabe handi" figura definitu zuen Bilborako, bizitegi-erabilerako hamar hiri-higiezin baino gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, hain zuzen ere.
Kopuru hori, bere ustez, "onartezina" eta “iraingarria” da, “legeak aukera ematen baitu udalerrian bost etxe edo hortik gora dituztenak ‘jabe handiak’ izendatzeko”. Berez, adierazi duenez, “orain arte, Hegoaldeko udalerri guztiek, salbuespenik gabe, eta, jakina, Iruñea, Donostia edo Gasteiz bezalako hiriburuek, bost higiezin edo gehiagotan ezarri dute definizio hori, eta Bilbon, berriz, jabe handia izateko hamaika higiezin edo gehiago izan behar dituzu". "Ulertezina da eta gizarte gisa ez da etikoa, kontuan hartuta gainera Etxebideren zerrendetan 21.300 bilbotar etxebizitza baten zain daudela”.
Renedok azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, gure hirian etxebizitzen % 30 baino gehiago eskudirutan erosten dira, hipotekarik gabe, hau da, 3 etxebizitzatik 1 inbertsio-funtsen bidez edo kapital handia duten pertsona juridiko edo fisikoen bidez erosten dira. “Gero eta etxebizitza gehiago metatzen ari diren funtsak eta pertsonak, inbertsio moduan edo rentismotik bizitzeko”, gaineratu du.
Horrela, nabarmendu duenez, familia batek bere lehen etxebizitza erosi nahi duenean, “funts horiekin lehiatu behar du, eta hori ezinezkoa da”. “Horren ondorioz, gero eta etxebizitza gehiago metatzen dituztenen eta lehen etxebizitza ere eskuratu ezin dutenen arteko aldea gero eta handiagoa da”, ohartarazi du.
Horregatik, EH Bilduk aipatutako mozioa aurkeztu du, udal gobernuak etxebizitzen "jabe handi" gisa definitzeko Bilboko udalerrian bizitegi-erabilerako bost etxebizitza edo gehiagoren titularrak. “Higiezinen merkatua arautzeko neurriak jarri behar dira. Nahi duten pertsona guztiek Bilbon bizitzeko aukera izatea bermatu behar dugu”, adierazi du.