AKTUALITATEA


| 2026-02-20 09:36:00

Pertsonen bizitza hobetzeko helburuarekin, otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko diren hainbat mozio aurkeztu ditu EH Bilduk. Horrela, alde batetik, Bilbon erroldatzeko eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak gaitzea eskatzen du, eta, bestetik, Harreraguneko zerbitzuak eta ordutegiak zabaltzea.

Lehenengo proposamenari dagokionez, Maria del Riok EH Bildu udal taldeko bozeramaileak azaldu duenez, "tamalez, gero eta ohikoagoa da, jabe batzuen abusuaren ondorioz, etxebizitza batean bizitzea, bertan erroldatzeko aukerarik izan gabe".

"Kasu batzuetan, erroldatzeagatik ordaintzea eskatzen da, eta beste batzuetan, alokairu-kontratu faltsuak eskaintzen dira, erroldatutako pertsonari etxebizitza horretan bizitzeko aukerarik eman gabe", gaineratu du. Kasu tipiko bat etxeko langileena dela aipatu du, "lan egiten duten etxebizitzetan bizi arren, askotan, bertan erroldatzea eragozten baitzaie".

"Erroldatzea pertsona guztien eskubidea da, eta Udalaren betebeharra da hori gauzatu ahal izatea; horregatik, gure hirian erroldatzeko bermatzeko beharrezko neurriak gaitzea eskatzen dugu, logela edo etxebizitza bat alokatuta duten pertsonek euren benetako bizilekuan erroldatu ahal direla bermatuz", adierazi du.

Era berean, Del Riok jakinarazi duenez, erroldatzea ahalbidetzeko, diruaren truke alokairu faltsuak eskaintzen diren kasuak detektatzeko behar diren bitartekoak jartzea eskatu du EH Bilduk, izan ere, "negozio horren biktima nagusiak egoera sozio-ekonomiko zailean dauden pertsonak dira".

Harreragune

Bestalde, Angelica Orozco zinegotziak azaldu duenez, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio beharrezko kudeaketak egin ditzala migratzaileen harreran eta  orientazioan espezializatutako Harreragune zentroaren arreta-zerbitzuak eta -ordutegiak zabaltzeko.

Helburua, bere esanetan, "migratzaile gehiagori arreta eman ahal izatea da, kontuan hartuta herritarren mobilizazioaren esker lortutako erregularizazio-prozesuaren ondorioz, pertsona gehiagok behar izango dutela zerbitzu hori".

"Horrela, zerbitzua trabatu barik pertsona guztiak artatu ahal izatea nahi dugu,  zerbitzu publikoaren kalitateari eutsiz  eta gure herrian erregularizazio horren zain dauden pertsona askok zerbitzu pribatuetara jo beharrik izan ez dezaten", azpimarratu du Orozcok.

Bilbon, 2026ko otsailaren 20an