AKTUALITATEA


| 2021-06-24 15:02:00

EH Bilduren bozeramaileak, Jone Goirizelaiak, azpimarratu duenez, talde soberanistari esker, Bilboko Udal Gobernuak aurten barraken instalazioa ahalbidetzeko konpromisoa hartu du, pandemiaren bilakaera eta LABIren neurriak kontuan hartuta, baldintzak sektoreko ordezkariekin negoziatuz eta, pandemia egoera dela eta, osasun neurriak beteko direla ziurtatuz.

Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko zuzenketa aho batez onartu ostean hartu dute erabakia, talde sobiranistaren mozio baten ondorioz.

Goirizelaiaren hitzetan, akordio "ona" da, eta "espero dugu ferietako langileek uda honetan Bilbon lan egin ahal izatea"; izan ere, gogorarazi duenez, EAEn 200 familiak baino gehiagok bizi duten egoera "oso larria" da. "Urte eta erdi baino gehiago daramate lanik gabe, diru-sarrerarik gabe eta horietako asko zorpetuta. Lan egin ahal izatea besterik ez digute eskatzen ", nabarmendu du.

Ildo horretan, LABIk joan den ostiralean hartutako azken neurriek "uda ezberdin bat iragartzen digute, kultura, kirol eta aisialdiko jarduera batzuk malgutasun handiagoz egin ahal izateko". "Bilboko tabernetara, antzokietara, ikuskizunetara joan ahal bagara, ezin izango gara barraketara joan, beharrezko segurtasun-neurriak errespetatzen badira? Ez luke zentzurik ", adierazi du.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetan ere hasi dira lanean; Iruñean, esaterako, barrakak dituzte, Gasteizko auzoetan Udalak ahalbideratuko ditu, eta Donostiako Udalak ere atrakzioak onartuko ditu uda honetan. "Atrakzioak ez dira aurreko urteetan bezala izango, argi dago, eta hauek, beharrezko segurtasun neurriak izango dituzte", zehaztu du.

Hori dela eta, bere ustez, "ez dago aitzakiarik Bilbo uda honetan barrakarik gabe geratzeko". "Bilboko Udalak, beharrezko segurtasun neurriak bermatuz, atrakzioak instalatu ahal izateko lan egin behar du. Ferietako langileek lan egiten uzteko eskatzen digute eta euren bidezko aldarrikapenari erantzun behar diogu", nabarmendu du.

Bestalde, EH Bilduk, Aurrera Planaren barruan, barrakak jartzearekin lotutako tasa espezifikoak aldatzeko aukera aztertzeko eskatu zuen jatorrizko mozioaren bigarren puntuan. Goirizelaiak esan du gai hori Bilbao Aurrera Planaren jarraipen-batzordeari helarazi diotela, eta bertan aurrera egitea espero dutela.