AKTUALITATEA


| 2022-11-11 10:38:00

Bilbok, EH Bilduren ekimenez, ‘Bizikletan adinik gabe’ programa jarri du abian, mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoek bizikletan paseatzeko aukera izan dezaten. Urtarrileko Osoko Bilkuran EH Bilduk eta gobernu taldeak adostutako zuzenketa bat onartu ondoren jartzen da abian programa, alderdi subiranistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarreta zinegotziak gogorarazi duenez, Bilboko biztanleen % 31, 60 urtetik gorakoak dira, eta % 9a 80 urtetik gorakoak. Horrek erronka berriak planteatzen ditu, hiriko biztanleriaren zahartze mailakatuaren aurrean.

Ildo horretan, adierazi du EH Bilduk ‘Bizikletan adinik gabe’ ekimena aurkeztu zuela Bilbo atxikita dagoen Adinekoekin Adiskidetsuak diren Hirien Sarearen programaren esparruan sar dadin. Programa horrek, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatuta, zahartze aktiboa, parte-hartze soziala eta segurtasuna sustatzen ditu, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

Zerbitzu hau 2012. urtean Dinamarkan jaio zen eta mundu osoko 500 hiritan baino gehiagotan finkatu da. Honen bitartez, adinekoek aldez aurretik ezarritako ibilbide batzuk egiten dituzte, triziklo elektrikoetan egiten direnak, bizikletaz paseatzeko aukera ematen dietenak, eta gidariekin belaunaldien arteko lotura ezartzen dutenak.

Zubizarreta pozik agertu da programa hau martxan jartzeagatik, mugikortasun jasangarriko eta aisialdi osasungarriko proposamena delako, eta gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duelako. Gainera, “beste urrats bat ematen laguntzen dugu, Bilbo hiri lagunkoia izan dadin, eta gaur adinekoek ekimen honekin pozik daudela adierazi digute”.