AKTUALITATEA


| 2023-08-28 11:58:00

Maria del Riok, EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak, nabarmendu duenez, Aste Nagusia “arrakastatsua” izan da Bilboko Konpartsek eta bilbotarrek egindako lan bikainari esker. "Bilboko kaleak adin guztietako jendez gainezka ikusi ditugu Aste Nagusiak eskaintzen dituen ekintzekin gozatzen eta hori, neurri handi batean, ehunka konpartsakidek jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideak lortzeko egindako auzolan ikaragarriari zor zaio”, adierazi du.

“Zehazki duela 40 urteko uholdeetan Bilbo lokatzetik ateratzea lortu zen Bilboko Konpartsen eta milaka bilbotarren elkarlanari esker eta eredu hori da Bilboko jaiak munduan bakarrak bihurtzea lortzen dituena”, azpimarratu du.

Maria del Riok segurtasunaren gaia aipatu du. Gogoratu duenez EH Bilduk Segurtasunaren aldeko Ituna sinatu zuen, herritarrengandik hurbil dagoen udaltzaingoaren eta prebentzioan oinarritutako eredua jasotzen duena. “Bilboko Konpartsek udaltzaingoa zuzenean inplikatzen duten gertaera larriak salatu dituzte, hurbileko polizia ereduaren guztiz kontrakoak eta guztiz salagarriak”, adierazi du. Horregatik, bere ustez, “ezinbestekoa da segurtasuna era integralean jorratzea, herritarrekin batera eta ez herritarrentzat soilik lan egiten duen polizia eredu bat lortzeko”.

Horrez gain, jaietan gertatuko eraso matxistak, arrazistak eta bestelako erasoak salatu ditu,  horien aurrean Bilboko Konpartsek erantzun dute protokoloa aktibatuz.

Era berean, adierazi duenez, “nahiz eta berriro ere ahaleginak egin dituzten zezenketetara publikoa gerturatzeko,  argi gelditu da bilbotarrok zezenketarik ez dugula nahi, izan ere, nabarmena izan da Vista Alegren izandako publiko eskasa”. “Plaza publiko horri beste erabilera bat ematea beharrezkoa da”, esan du.

Azkenik, Del Riok adierazi du urteko 365 egunetan Bilboko kaleetan dauden herri mugimenduen borroken isla ere badela Aste Nagusia. Pentsiodunen Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta Sarek deitutako mobilizazioak, besteak beste, nabarmendu ditu, herritarren babes zabala jaso baitute.