AKTUALITATEA


| 2023-02-27 15:11:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Basaurin, eta, bertan, udal bakoitzeko errealitate soziologikoaren arabera, herritarrek euskaraz artatuak izateko dituzten eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politikaren alde agertzeko eskatu dio Udalbatzari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gero eta gehiagotan ematen ditu, gure ustez, udal-autonomia horren eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen edo 179/2019 Dekretuaren aurkako epaiak. Horietan argi eta garbi definitzen dira udalek hizkuntza-politikan dituzten eskumenak edo normalizaziorantz urratsak egiteko euskara lehenetsi beharra.

Kontseilua bezalako erakundeak ere ildo horretan azaldu dira, eta epairen bat errekurritzera ere animatu dira, 2014koa den jurisprudentzia-kasu batean oinarrituta dagoelako, lege hori baino lehenagokoa.

Basauriko EH Bilduren ustez, Udalbatzak jarrera politikoa hartu behar du, eta bere iritzia eman. Guk argi dugun iritzia. Herritarrek euskaraz artatuak izateko dituzten eskubideak bermatuko dituen eta hizkuntzaren normalizazioa eta erabileran aurrera egitea bultzatuko duen udal-politika definitzeko autonomia. Eta udalaren menpeko enpresetako egungo langileen eskubideak errespetatuz.

Pena ematen digu Udalbatzan ordezkatuta dauden gainerako alderdien babesik ez izatea eta are gehiago gainerako udal-taldeei bidalitako mozio alternatibo baten berri guri ez ematea. Mozio hori alkateak irakurri du eta, gure ustez, gure proposamena edukiz hustea besterik ez zuen bilatzen.