AKTUALITATEA


| 2024-03-15 10:56:00

Legegintzaldiaren hasieratik, EHBildu Barrika oso kritiko agertu da EAJk eta Ibarrikak kontratazio publikoetan hartutako kudeaketa eredu baztertzailearekin. EHBilduk hainbat mozio aurkeztu du kontratazio prozesuetan oposizioa sar dadin, baina gehienak atzera bota ditu bi taldeek osatzen duten gehiengo osoak.

 

Prozesuan izandako akats larriengatik Nagusien Etxearen esleipena baliogabetu behar izana gertaera larria da, eta eredu opaku horren emaitza da. Izan ere, EAJk ez zituen esleipen oinarriak eta pleguak Informazio Batzordean aurkeztu, eta kontratazio mamitsua izan arren, oposizioa kontuan hartu gabe erabaki eta martxan jarri zuen. Are gehiago, EHBilduk Udalaren webgunetik jakin zuen epea amaitzear zegoenean, eman dioten publizitatea ere oso eskasa izan baita. Hala ere, bi proposamen aurkeztu ziren, baina kontratazio-mahaiak bat baztertu zuen epez kanpo aurkezteagatik. EHBildu Barrikak EAJko ordezkariek egin ez zuten lana egin behar izan zuen, eta pleguak berrikustean kontraesan batzuk aurkitu zituen, zerbitzu juridikoak baliogabetzea gomendatzeko bezain larriak. Hala, nahiz eta gure koalizioa baztertu, EH Bilduk aurkitu behar izan ditu akatsak esleipenean, Udalari ondorio juridiko larriagoak saihestuz.

 

Horregatik, azken osoko bilkuran, aurreko esleipen-prozesuan ez bezala, lizitazio-prozesu berrirako gardentasuna, parte hartzeko erraztasunak eta pleguaren informazioa eta zabalkundea bermatzea eskatu dugu. Kontratazioetan ezarri den opakutasunak udalaren sinesgarritasunari kalte handia egiten dio, are gehiago oposizioaren bazterketari akatsak gaineratzen zaizkionean. Horrekin bukatzeko, EAJk eta Ibarrikak indarrean dagoen kudeaketa eredu baztertzaileari lehenbailehen amaiera eman behar diote.