AKTUALITATEA


| 2023-02-23 19:42:00

EH Bilduk Gurutzetako bizikidetza arazoak larriagotzea ekarri duen ekintza politiko eza salatu du. Alderdi subiranistak ardura hori egotzi dio Udal sailen utzikeria instituzionalari, ez baitute egoeraren mailara egon. María Solar udal bozeramaileak arratsaldeko osoko bilkuran adierazi duenez, EAJk eta PSEk, bakoitzak bere aldetik, alde batera utzi dute prebentzio eta zuzenketa lanak egiteko ardura instituzionala. Hala, EH Bilduren ustez, ez dira modu koordinatuan aktibatu bitartekotzaren eta esku-hartze sozialaren gaitasunak, besteak beste, faktore ekonomikoak, sozialak, hezkuntzakoak, herritarren segurtasunekoak eta etxebizitza- eta bizikidetza-politiketakoak biltzen dituen gatazka batean.

María Solarrek, EH Bilduko zinegotziak, kaltetutako bizilagunei babes eta hurbiltasun mezu argia bidaliz hasi du bere hitzartzea. Ondoren, gobernuan dauden bi alderdiei egotzi die egoerak eskatzen zituen ahaleginak eta baliabideak ez bideratzea, nahiz eta horretarako “baliabide ekonomikoa soberan” izan.

EH Bilduren ustez, egoerak Etxebizitza, Gizarte Kohesioa, Gizarte Ekintza, Hezkuntza Sailak, eta Udaltzaingoaren lan bateratua eta koordinatua eskatzen zuen. Hala ere, ez da halakorik egon. Adibide gisa, Solarrek gogora ekarri du nola EAJk eta PSEk uko egin zieten iaz auzoetan elkarbizitzarako programa komunitario bat martxan jartzeko EH Bilduk 50mila euro inbertitzeko egindako proposamenari. Barakaldon gizarte-beharrei buruzko azterlan eguneratu bat egiteko 60mila euroko proposamenari ere uko egin zioten EAJk eta PSEk.

EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du bere alderdiak konpromisoa hartu duela arlo horretan ardura duten udal Sailei azkar eragiteko eskatzeko: Gizarte-Kohesioaren, Etxebizitzaren eta Herritarren Segurtasunaren Sailetara (PSEren agintzapean), eta Hezkuntza, Kultura eta Ogasun Sailetara (EAJren agintzapean), esku-hartze eta bitartekaritza eraginkorra egiteko behar diren baliabideak bidera ditzaten. Ildo horretan, Solarrek babestu egin du hezkuntzaren, esku-hartze sozialaren eta segurtasunaren ikuspegitik arazoari helduko dion plan bat sortzea. Era berean, Gurutzetako bizilagunak gaurko osoko bilkuran jorratutako mozioa bultzatzera eraman dituzten arazoak konpontzeko baliagarria izatea espero dute.

Azkenik, oinarri sozialeko gatazkak herritarren segurtasun hutseko gai gisa ulertzeko Udalak duen joeragatik bere “kezka sakona” helarazi du EH Bilduk. Gainera, erantzukizunez jokatzeko eta gai garrantzitsu horri heltzeko orduan, eta kontuan izanda kanpainaurrean sartuta gaudela bete-betean, alderdikeriaz erabiltzeari uko egiteko eskatu die beste talde politiko batzuei.