AKTUALITATEA


| 2019-05-18 13:18:00

Gazteriak osoko zapalkuntza pairatzen duela baieztatu du Iraide Kareaga hautagaiak, horregatik egoera hori gainditzeko, osoko irtenbideak behar direla. EH Bildurentzat, zeharka landu behar da gazteriaren eremua, etorkizunean behar dugun aldaketa politiko eta sozialaren motorra izango baitira gazteak; beraz, bizimodu duina eskaini behar diegula azaldu du Kareagak. Ildo horretatik Euskal Herria Bilduk “Barakaldoko gazteen oraina zein etorkizuna bermatuko dituen politika bat egikaritzeko apustua egiten du, arlo guztietan; beti ere, haien beharrak eta nahiak kontuan hartuz”. 

EH Bilduk gazteriarentzat landutako proposamenak zerrendatu ditu Karegak, eta guztien artean gazteek udal guneetan, adibidez polikiroldegietan, tokiko garraioetan, edota antzerkian abantailak eskuratzeko Gazte Txartela sortzea, eta   autogestio-guneak eskuratzea, gazteek haien proiektuak era autonomoan garatu ahal izan ditzaten nabarmendu behar dira.

Halaber, Kareagak azteengana udal erakundeak hurbiltzearen aldeko apostu garbia egin du, parte hartzeko bideak sustatuz. Gazte elkarteetan daudenentzat soilik ez, baizik eta gazte guztientzat, haien proiektuak garatu ditzaten. Ideia horretan sakontzeko, hautagai subiranistak azaldu du EH Bilduk gazteriaren mahai teknikoa sortzea proposatzen duela: “bertan Udaleko Gazteria Sailako arduradunek zein teknikoek haien eskarmentua, formazioa, hausnarketa parteka ditzaten gure gazteokin. Ostean, guztion artean, Barakaldo zein Ezkerraldeko gazte-politikak martxan jartzeko”.

Bukatzeko, eta ekitaldia Gurutzetan antolatu dela aprobetxatuz, Gurutzeta, Llano eta Lutxanako auzoko gazte eta nerabeentzat zerbitzua eskaintzeko, gazte-astialdirako Giltzarri plataforma barruan topaleku berria zabaltzea proposatzen duela EH Bilduk azaldu du Iraide Kareagak.