EH Bilduk ostegun honetako Barakaldoko osoko bilkuran eztabaidatuko den ekimen bat aurkeztu du, udalak Osasun Sailari eska diezaion lehen mailako arreta garatzeko eta udalerriko osasun-zentroetan ohiko arreta presentziala bermatzeko; izan ere “etengabeak dira herritarren kexak lehen arretan, aurrez aurreko arretarik ez izateari dagokionez, batez ere pandemiaren ostean”. Bozeramaile subiranistak adierazi du ulertzen duela osasun langileen atseden beharrezkoa, pandemiaren ondorioz tentsio handia jasan baitute. Horregatik, hain zuzen ere ez da ulertzen, langileen kopurua handitu beharrean, Osakidetzak murrizketak iragartzea. Kezkatuta agertu da EH Bildu pasa den astean sindikatu batek egindako salaketaren aurrean, udan gure herrian Osakidetzan emango diren murrizketei buruz. Sindikatu horren iritziz aurrezki-politikagatik, aurreikuspenik ezagatik eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oporraldian langileak ez ordezkatzeagatik ematen dira murrizketa hauek.
Solarrek lehen arretaren garrantzia azpimarratu du, “berebizikoa herritarren osasun sustapen, prebentzio eta arretarako”.