AKTUALITATEA


| 2022-11-23 12:48:00

Barakaldon hizkuntza-normalizaziorako ekintzak aktibatzeko neurri eraginkorrak zehazteko asmoz, biharko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den ekimen bat erregistratu du EH Bilduk. Udalerriko euskaldunen eskubideak bermatuko dituen eta Barakaldo euskalduntzeko egiturazko ekarpenak egingo dituen euskararen plan eta araudi bat sortzea eskatzen du zehazki gaur Liher Imaz, alderdi subiranistaren bozeramaileak azaldu duen eskaria.

Urtean zehar euskararen alde “ezer egiten ez duten batzuk ere Euskaraldiaren olatura igo direla” aurpegiratu die Imazek gobernuko arduraduneei. Izan ere, nahiz eta hamabost egun hauetan euskararen aldeko ekimenak sustatu, EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri du Barakaldoko euskaldunek ez dituztela bermatuta hizkuntz eskakizunak administrazioarekin edo bere menpe dauden erakundeekin komunikatzerakoan. “Euskarak gure herrian dagokion lekua eta garrantzia hartzea nahi badugu, argi dugu udal erakundeek Belarriprest izatea baino zerbait gehiago egin behar duela” bukatu du Imazek.