AKTUALITATEA


| 2023-03-09 18:31:00

Barakaldoko Udalak ezohiko Osoko Bilkura egin du gaur, Osoko Bilkuran izapidetu eta onartu beharreko bi gairekin. Batetik, Barakaldoko Udalaren zerbitzura dauden langileen ordainsarien igoera berretsi behar zen, erakunde autonomoak barne, aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotakoarekin bat etorriz. Eta bigarren gai gisa, Barakaldoko hiri-garbiketako, udal-hondakinen bilketa eta zaborren garraioko zerbitzuen esleipena onartu behar zen.

Bi gai horien aurrean, EH Bilduk diskurtso kritiko baina arduratsua izan du aldi berean, eta ez du eragotzi bere botoekin bi gai horiek tramitatzea, nahiz eta “udal aurrekontuan jaso gabeko diru mugimenduekin” ados egon ez arren. Solarrek gogorarazi duenez, aurrekontuko dirua gastatu gabe uzten da, gero aurrekontutik kanpoko beste helburu batzuetarako erabiltzeko kreditu gehigarrien onarpenaren bidez, ordezkaritza politiko osoaren arteko eztabaidarik eta adostasunik gabe, eta gobernuan dauden bi alderdien irizpide bakarrarekin.

Gainera, Solarrek berriro aurpegiratu dio Amaia del Camporen gobernuari, martxoaren lehenengo astea pasata, Barakaldok ez duela 2023rako onartutako aurrekonturik. EH Bilduren arabera, gaur onarturako tramitazioa ez litzateke beharrezkoa izango legeak udal langileentzat ezartzen duen oinarrizko ordainsari-igoera bermatzeko, “baldin eta garaiz eta modu egokian onartutako aurrekontu bat izango bagenu”. Eta alderdi soberanistaren ustez, Barakaldo udal politikan egin behar ez denaren erreferentzia da gaur egun. “Beti gaizki eta berandu” amaitu du Solarrek bere hitzartzea.

Aztertutako bigarren gaiari dagokionez, Solarrek bere hitz-txanda baliatu zuen berriro ere, zaborren kontratua kudeaketa publiko batetik kudeatzeko aukera mahaigaineratzeko. “Barakaldon behin eta berriz ukatu da zerbitzu publikoen birudaleratzea aztertzeko aukera eta pribatutasunaren alde egin da beti” deitoratu du bozeramaile subiranistak. Formula horrek onurak ekar litzake EH Bilduren ustez, hala nola zerbitzua hobetzea edo kalitatezko enplegua sortzea.