AKTUALITATEA


| 2023-11-25 11:57:00

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, eta Greba Feminista Orokorraren atarian (azaroaren 30ean), EH Bildu Barakaldok adierazi nahi izan du ez duela balio A25 bezalako egunetan ekintza estetikoak egiteak bakarrik, baizik eta gure udalerriko indarkeria matxistarekin amaitzeko gobernu-taldeak zaintza sistemari dagokionez dituen udal politikak errotik eraldatu behar direla.

Izan ere —María Solar udal-taldeko bozeramailearen hitzetan—, zainketek balio publikoa dutela eta gure bizitzan zehar zainketa-beharrak edozein pertsonak izan ditzakegula ulertzen dugu. Beraz, egoera horietan babestuko gaituzten politika publikoen alde egin behar dugu.

Hala, sare sozialetan egindako kanpaina baten bidez, Barakaldo zaintzen ez duen udalerria dela adierazi dute, eta horretarako, besteak beste, EAJren eta PSEren gizarte-baliabideen pribatizazio sistematikoko politika nabarmendu dute (zahar-egoitza, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, udal-aurrekontuaren % 1 baino gutxiago bideratzea Berdintasun Arlora edo proiekturik eta emakumerik gabeko emakumeen etxea bezalako ekimenak iragartzea).

Izan ere, Barakaldok zaintza-hiria izateko bidean aurrera egin dezan, lehenik eta behin, zerbitzu publikoak indartzearen alde egin beharko litzateke. Zentzu horretan, alderdi subiranistak ELZren publifikatzearen aldeko apustua egin du, langile kopuruak eta baldintzak hobetzeko,; baita adinekoentzako egoitza publiko bat sortzearen aldekoa ere, udalerrian dauden egoitza pribatu guztien alternatiba gisa.

Era berean, inor atzean utziko ez duen eta zainduko duen hiri baterantz aurrera egiteko, emakumeen aterpetxea berriro irekitzea, udaltzaingoaren genero-indarkeriaren unitatea aktibatzea edo hurrengo udal-aurrekontuetan genero-eraginari buruzko txosten bat izatea eskatu dute, legeak ezartzen duen bezala.

Zaintza-sistema publikoen gaian sakontzeko, koalizio independentistak azaroaren 29an bere egoitzan (Elkano 1) egingo den solasaldirako deialdia partekatu du bere sare sozialetan. Deialdi horren bidez, udal zaintza sistemei buruz hausnartzeko gune bat eskaini nahi die Barakaldoko herritarrei, Euskal Herriko hainbat esperientziak entzuteko aukera zabalduz.