AKTUALITATEA


| 2020-07-30 10:19:00

Gaur arratsaldean, EAJren eta PSEren botoek 6,6 milioi euroko murrizketa onartuko dute, ezusteko larririk ezean. Aurrekontuen doikuntza horren arrazoia da Aldundiak uztailetik abendura bitartean zergen bidezko jasoko zuenari heltzeko faltako den aurreikusitakoaren baliokidea udalek itzul diezaioten exigitzen duela, COVID19aren krisia dela eta. Maria Solar, EH Bilduren Barakaldoko bozeramaileak prentsaurreko batean azaldu duenez, Gobernu taldeak "doikuntzen zerrenda" aurkeztu die fitxa batean, eta, bertan, udal aurrekontuko hainbat ataletan murrizketak egiten dira, kontuak Aldundiak eskatutakoarekin bat etorri arte.

Arratsaldeko osoko bilkurak onartuko dituen murrizketak "Barakaldoko udal gobernuaren kudeaketa alderdikoi, partekatu gabeko eta opakuaren" adibide berri bat dira alderdi subiranistaren ustetan. Solarri ez zaio batere onargarria iruditzen udal aurrekontuaren 7 milioi euro inguruko murrizketa bezalako gai garrantzitsua uztailaren amaieran planteatzea, herritar gehienak oporretan daudenean hain zuzen ere. Izan ere, Solarrek gogorarazi du jada maiatzean Amaia del Campok 6 milioi euro baino gehiago murrizteko beharra iragarri zuela. Baina EH Bilduren ustez, are ulergaitza da EAJk eta PSOEk aplikatuko dituzten murrizketa horiek "inori entzun gabe" egitea: "Herritarren agenteekin kontsultatu gabe, kaltetutako erakundeei informazioa eman gabe, eta are larriagoa dena, pandemiaren ostean egungo egoera sozialaren diagnostikoa egin gabe". Maria Solarrek adierazi duenez, "dirua xahutzen edo murrizten jarraitzen dugu, pandemiaren ostean Barakaldoko beharren eta lehentasunen islada eguneratua izan gabe".

Zinegotzi subiranistak azpimarratu duenez, talde politikoen, sindikatuen eta elkarteen eta herritarren ordezkaritza izango lukeen mahai edo kontseilu bat martxan jartzea egokiena izango litzateke, baina "EAJk eta PSOEk erabaki dute egokitzapen horiek modu opakuan egitea". Jarraian, Solarrek EH Bilduren ustez egokiagoak izango liratekeen neurri batzuk zehaztu ditu:

Lehenik eta behin, alderdi soberanistarentzat beharrezkoa litzateke aldundiaren aldebakarreko erabakiari aurre egitea, udal guztiak behartzen baititu hemendik abendura arte dirua itzultzea: "Ez da onargarria jendearen gizarte-ongizatea bermatzeko inbertsio garrantzitsuenetakoei aurre egin behar dieten erakundeak udalak izanik, hainbesteko presa ezartzea diru hori itzultzeko. Are gehiago Aldundiak aurreikusita zituen inbertsio gehienak egiten jarraitzen duen aldi berean, horietako asko ezinbestekoak izan gabe. Solarrek. Bere buruari galdetu dio: “garrantzitsuagoa al da obra faraonikoak bultzatzen jarraitzea edo jendea zaintzea?”

Ondoren, salatu du EAJri eta PSEri ez zaiela ezta burutik pasa ere politikarien, administrarien eta aholkularien soldatak murriztea. Solarrek gogorarazi du "politikarien eta gobernuko aholkularien soldatetan soilik ia 2 milioi euro gastatzen ditugun bitartean, EAJk eta PSEk ez dute inolako arazorik garraio publikoko partidak, kultur programak edo auzoetan bizikidetza lantzeko partidak murrizteko".

Azkenik, EH Bilduk proposatu du martxan dauden programetako partida ekonomikoak kendu baino lehen, eta orain zor bihurtu diren gastuak sortu dituztela, irailerako aurreikusitako aurrekontu parte-hartzaileetarako partida bertan behera uztea. Solarrek gogorarazi duenez, milioi bat ehun mila euro aurreikusita daude partida honetarako, eta ez dira premiazkoak, ezta egiturazkoak ere.